Herriak eta Hiriak
Bizkaia
Hasi dira Basauriko Soloarte pasealekua berritzeko lanak
agentziak | erredakzioa
Berritze lanei esker, luiziek eramandako hondakinak aterako dituzte ubidetik; hormaren zatiak, bankuak, farolak eta paperontziak, tartean.
-
Basauriko Soloarte pasealekuko lur-jausia. Argazkia: eitb.eus.
Basauriko Udalak Soloarte pasealekua premiaz konpontzeko obrak martxan jarri ditu astelehenean, maiatzaren 21ean, Nerbioi ibaiko urek pasealekuari eta alboko eskolari kalte gehiago eragitea saihesteko.
Apirilaren 11n pasealekuaren zati bat erori zen ubidera, euri bortitzen eraginez urak oso indartsu jaitsi baitziren. Ondorioz, Udalak itxi egin zuen, eta alboko eskolaren jolastokia erabiltzea debekatu zuen.
Berritze lanei esker, luiziek eramandako hondakinak aterako dituzte ubidetik; hormaren zatiak, bankuak, farolak eta paperontziak, tartean.
Ondoren, Udalak harrizko horma bat jarriko du luizia izan zen aldean, urak ibaiaren alde hori higatzen ez jarraitzeko eta eskola ixtea eragin dezaketen luizi gehiago ez izateko. Basauriko Udalak 100.779 euro bideratuko ditu lan horietara.
Lanok egin ahal izateko, Basauriko Udalak Uraren Euskal Agentziaren baimena jaso du.
Udalak 1.173.736 euroko aurrekontua onartu zuen martxoko osoko bilkuran pasealekua osorik berritzeko. Lanak bukatzeko behar den gainerako guztia, 500.000 euro inguru, Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko ditu, diru-laguntza gisa.