Itxi

Herriak eta Hiriak

GERNIKA-LUMO

Jendetza batu da Gernika-Lumon, eguraldiak lagundu ez badu ere

eitb.eus

Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, 55.000 pertsona inguru joan dira gaur azoka ikustera. Galarretako Azkarra gaztandegiak eraman du gazta onenaren saria.

1:32
Gernika azoka 2019

Baldintzatu bai, baina eguraldiak ez du zapuztu Gernika-Lumoko Urriko Azken Asteleheneko azoka. Eguna goibel esnatu bada ere, dotore aurkeztu dituzte baserritarrek euren produktuak eta, beste behin, jendetza batu da. Gernikako Udalak jakitera eman duenez, 55.000 pertsona inguru hurbildu dira gaur azokara.

331 saltoki jarri dituzte guztira, hainbat produkturekin, eta, nola ez, lehiaketak ere izan dira. Besteak beste, Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegiak eraman du gazta onenaren saria;  6.384 euro ordainduta erosi ditu Xaibor Diskofesta enpresak bi gazta saridunen zati bana.

GERNIKA AZOKA JOSE MARIA GORROÑO SARIAK argazkia: Gernikako Udala

Argazkian, gazta lehiaketako irabazleak.

Aurtengoan ere, denetarik eta denentzako aukera zabala izan da Bizkaiko udalerri horretan: baserriko produktuak, eskulanak, gozogintza, lanerako makinaria eta abar luzea.

Azoka eta sari banaketaz gain, bertsolarien emanaldia ere izan da eguerdi partean.  Arratsaldeko hitzordu nagusia, berriz, Jai Alai frontoian izango da; 18:00etatik aurrera, zesta-puntako partidak izango dira bertan.

KALE BATZUK ITXITA

Azoka dela eta, kale batzuk itxi egin dituzte eta inguruko kaleetatik desbideratu dute trafikoa.

Kale hauek daude itxita egun osoan: Adolfo Urioste, San Juan, Artekalea eta Juan Calzada. Aipatu kaleak itxita egongo dira bihar ere, garbiketa lanak egiteko.

Bestalde, Euskotren zerbitzu berezia eskaintzen ari da egun osoan zehar Bilbo-Bermeo linean.