Itxi

Herriak eta Hiriak

Eliza

Bilboko eliztarrek txartela edo mugikorra erabilita egin ahalko dituzte dohaintzak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Begoñako basilikan eta Indautxuko Karmengo elizan atril bana jarriko dituzte "ohiko ordainketa metodoen eta teknologia berrien arteko trantsizioa errazteko".

  • Begoñako basilika

    Begoñako basilika. Artxiboko argazkia: Julio Mendiak

Begoñako basilikako eta Indautxuko Karmengo parrokiako eliztarrek kreditu txartela edota telefono mugikorra erabilita egin ahal izango dituzte dohaintzak, asteburu honetatik aurrera.

Gainera, larunbatean, Caritasek Plaza Berrian errege-opil erraldoia banatzen duenean, dohaintzak "modu seguruan eta errazean" egiteko aukera izango dute herritarrek, Jose Maria Ziarrusta Bilboko Elizbarrutiko gerenteak ziurtatu duenez.

AEBn sortutako egitasmoa Europako hainbat herrialdetara zabaldu da dagoeneko; besteak beste, Frantziara eta Britainia Handira. Teknologia berrietara egokitzen hurrengoa, beraz, Bilbo izango da eta, esan bezala, Begoñako eta Karmengo parrokietan eskainiko dute, hasiera batean, txartelarekin edo mugikorrarekin ordaintzeko aukera. Gainera, datorren astetik aurrera, San Jose Mendikoaren elizara ere helduko da dohaintza sistema berria.

Aipatutako tenplu horiek atril bana izango dute "ohiko ordainketa metodoen eta teknologia berrien arteko trantsizioa errazteko". Hain zuzen ere, bi kaxoi ezberdin izango ditu horietako bakoitzak: eskuz egindako "ordainketak" jasoko dituzte, batean; txartelarekin egindako dohaintzak, bestean.

Jasotako dirua parrokientzat izango da, horien esku egongo baita dohaintzak karitatezko egintzetara, pastoraletara edota tenpluen mantentze-lanetara bideratzea. Oraingoz, atril digitalek ez dituzte mezatan egiten dituzten diru-bilketak ordezkatuko.