Itxi

Herriak eta Hiriak

Errege-opil solidarioa

3.000 errege-opil zati banatuko ditu Caritasek Bilbon, datorren larunbatean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Plaza Berrira gerturatzen direnen artean banatuko dute 500 kiloko errege-erroska. Horren eta txokolate kikara baten truke, euro bateko diru-laguntza eskatu du Caritasek.

  • 2018ko errege-opil solidarioa

    2018ko errege-opil solidarioa. ETBren bideo batetik ateratako irudia

Caritas Bizkaia erakundeak 3.000tik gora errege-opil zati banatuko ditu urtarrilaren 5ean Bilboko Plaza Berrira gerturatzen direnen arten. Horren truke euro bateko diru-laguntza eskatuko du Caritasek, eta haurrekin eta emantzipazioarekin lotutako proiektuetara zuzenduko du donazioa.

Asteazken honetan jakitera eman dutenez, gozo "solidario" horrek 500 kilo izango ditu. Errege-opila prestatzeko "errezeta tradizionala" erabiliko dute. Horrenbestez, 250 kilo irin, 50 kilo azukre, 75 kilo gurin, 100 dozena arrautza, 25 litro laranja-lore ur, 25 kilo legamia, 30 kilo fruta eta 5 kilo gatz beharko dituzte.

Behin opila moztuta, 3.000-3.500 zatiak eta txokolate kikarak banatuko dituzte. Bizkaiko hainbat politikari, gizarte ordezkari eta kirolari ez ezik, Caritaseko zenbait laguntzaile ere izango dira han.

11:00etatik aurrera, beraz, "dibertsioa" izango da nagusi Plaza Berrian. Izan ere, haurrei zuzendutako jarduerak antolatuko dituzte; besteak beste, aurpegia margotzeko tailerrak, globoflexia figurak eta etxeko txikienentzako jokoak.

Egitasmoaren helburua da "umeei eta gazteei elkartasuna adieraztea", Caritasen esanetan. Horregatik, bertan jasotako dirua haurrekin lan egiten duten Bizkaiko proiektu solidarioetara bideratuko dute.

Aurten ere, Bizkaiko Okindegien Elkarteak egingo du errege-opila, Lapiko Cateringen eta LogiFrioren laguntzarekin. Bestalde, CafeIruña Catering enpresa arduratuko da txokolate beroa prestatzeaz.