Faktoria
DATUEN BABESERAKO ESKUBIDEA
Unai Aberasturi: "Kaleetako kamerak jartzeko justifikazio bat behar da, eta gardentasuna ere bai"
EIDER ARANBERRI | EITb Media
Datuen Babeserako Euskal Agintaritzako presidentearen iritziz, bideozaintza egitea erabaki dezakete erakundeek, baina herritarrok jakin behar dugu zein momentutan ari garen grabatuak izaten.
-
Unai Aberasturi Datuen Babeserako Euskal Agintaritzako presidentea Euskadi Irratiko Faktorian.
25:59 min



Iragan abenduan, Datuen Babeserako Euskal Lege berria onartu berritan etorri da Unai Aberasturi Datuen Babeserako Euskal Agintaritzako presidentea Euskadi Irratiko 'Faktoria'-ra, eta, pasa den astean, kaleko bideozaintza kameren inguruan Arartekoak kaleratutako txostenaren harira, galdegin du ea zertan oinarritzen diren erakundeak kaleko bideokamerak jartzerako garaian: "justifikatuta dago segurtasuna bermatzeko 3000 kamera baino gehiago egotea? Erakundeek erabaki dezakete kamera horiek erabiltzea, baina planteatu behar da zein punturaino dauden justifikatuta".
Horrez gainera, azken hilabeteetan areagotzen ari diren banka eta telekomunikazio sektoreko iruzurren harira, sentsibilizazioaren garrantziaz ohartarazi du. Aberasturen iritziz, teknologiak aurrera egiten duen bezala, iruzurrak egiteko bideak garatu dira, eta herritarroi dagokigu ardura kualifikatua hartzea; "kontu handiz ibili behar dugu datu sentiberak partekatzerakoan". Adimen artifizialak gainera, datuen erabilera egiteko modu berri bat jarri du mahai gainean, eta, Aberasturiren arabera, zenbaitetan, "oinarrizko eskubideen bortxaketa" egiten da. Horregatik, ardura "berezia" eskatzen du erakundeen eta herritarren partetik, "oso garrantzitsua delako adimen artifiziala erabiltzen den kasuetan argi izatea zein diren gure eskubideak, zertarako erabiltzen diren datuak, nork erabiltzen dituen eta zein helbururekin".
Honi lotuta, pornografiaren eta adin txikikoen arteko arazo "serioa" da egungo gizarte erronketako bat. Pasa den astean, Espainiako Gobernuak iragarri zuen adin txikikoak pornotik babesteko sistema bat ezarriko duela eduki pornografikoa duten webguneetan, baina, erabiltzailearen anonimotasuna mantentzeko, "oreka" behar da Aberasturiren arabera. Baina, non dago muga? "adin txikikoak informazioaren gizartean sartu nahi ditugu, baina, era berean, plataforma eta teknologia berriak dakartzaten arriskuez ohartarazten ditugu. Oreka zaila da".

