Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Bi-hiru orduan behin egurastu behar dira toki itxiak"

EITB.EUS

Eskolak ez direla "irla bat" gogoratu du ZIUko medikuak eta seguruak izan daitezen, gurasoek harremanak murriztu behar dituztela eta lantokietan egokitzapenak egin behar direla nabarmendu du.

  • Felix Zubia ETBk egindako elkarrizketa bateko artxiboko irudian.

    Felix Zubia ETBk egindako elkarrizketa bateko artxiboko irudian.

    1:01 min
imagen player
imagen player
imagen player

Irailaren 7an hasiko da ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta astebeteren faltan, Eusko Jaurlaritzak protokoloen berri eman du eta sindikatu zein gurasoen ordezkariek ere euren kezkak kaleratu dituzte.

Felix Zubiak iganderoko tartea eskaini dio koronabirusari Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan eta eskolak toki seguruak izateko gizarte osoak neurriak hartu behar dituela berretsi du: "Eskolak ez dira irla bat eta egoera epidemiologikoa kalean oso txarra bada, eskoletara ere iritsiko da" ohartarazi du. Horregatik, "pertsona guztiok, eta gurasook batez ere, harremanak murriztu behar ditugu, eta gero, lantokietan egokitzapenak egin beharko dira".

Lanean seguru egoteko protokoloei dagokienez, aldagelak "ahal den gutxien" erabiltzeko deia egin du, eta erabili behar badira, "txandaka" egiteko.

Era berean, toki itxiak aireztatzearen beharra nabarmendu du: "Bi-hiru orduan behin egurastu behar dira toki itxiak. Aire egokitua piztuta izatea baino leihoak irekitzera  ohitu behar gara".

Gainera, "musukoa ahalik eta denbora gehien erabili" behar dela toki itxietan gogorarazi du eta jende asko bil daitekeen bilerak murriztu. Ildo horretan, baliabide telematikoen alde egiteko eskatu du Donostia Ospitaleko medikuak.

Azkenik, bezeroen arteko distantziak ondo markatu eta mugatzeko beharra gogoratu du.