Musika
Doako kontzertua Zurriolan
Patti Smithek ireki du 2010eko Donostiako Heineken Jazzaldia
Erredakzioa
Gipuzkoako hiriburuko Jazzaldiaren 45. edizioa gaur hasi da, eta, uztailaren 25era bitartean, Elvis Costello, Ron Carter eta Portico Quartet izango dira Donostian, besteak beste.
Patti Smithek Zurriolako hondartzan eskainitako&' || 'nbsp; doako kontzertuarekin hasi da Donostiako Heineken Jazzaldiaren 45. edizioa. Emanaldia 21:30ean izan da, Eszenatoki Berdean eta jende pilaketak ekiditeko neurri bereziak prestatu dituzte. Anbulantzia eta osasun zerbitzuak prest izango dira, eta, oinez edo garraiobide publikoaren bitartez heltzea gomendatu dute. Era berean, hiriaren sarreretan autoa uzteko aparkalekuak atondu ditu Udalak.
Patti Smith ez da egun hauetako izar bakarra izango, ordea. Bost jardunalditan zehar, musika zaleen topagune bihurtuko da Donostia, besteak beste, Elvis Costello, Ron Carter eta Portico Quartet artista handiak taula gainean ikusteko.
Aurtengo edizioa, gainera, elementu berri batekin dator: Kontzertu Sorpresak. Emanaldi berezi batzuk Facebookeko eta Twitterreko sare sozialen bidez ezagutzera emango dira, aurreko eguneko gaueko hamabietan.
Publiko berria erakartzeko helburua
Jaialdiak ''''giro desberdin anitz'''' bilduko dituela azpimarratu dute antolatzaileek, ''''betiko ikusleak eta publiko berria erakartzeko asmoz''''. Jazzari dagokionez, Ron Carter eta Portico Quartet bezalako artista handiak izango dira Donostian. Bestalde, Elvis Costello musikariak aurtengo edizioa itxiko du, datorren igandean, hilaren 25ean. Kontzertua Trinitate plazan izango da, 21:00etan. Kris Kristofferson ere gau horretan igoko da eszenatokira. Emanaldi honetarako sarrerak 45 eurotan daude salgai.
Jazzaren izen handiak
Jazza aurten George Benson, Stanley Clarke, Dave Holland, Archie Shepp eta Wadada Leo Smith artisten eskutik etorriko zaigu. Gainera, Ron Carter kontrabaxu-jotzailea ere arituko da zuzenean. Honekin batera, Christian Scott tronpeta-jotzailea eta Portico Quartet Britainia Handiko taldea ere izango ditugu entzungai. Egitaraua osatzen Jessye Norman sopranoa, Arturo Sandoval tronpeta-jotzaile kubatarra, Shibusa Shirazu Japoniako orkestra, Marie Boine norvegiarra eta Eric Lewis AEBetako piano-jotzailea.
Azkenean Donostian izango ez duguna Toquinho da. Artista brasildarrak bertan behera utzi du bere kontzertua, ''''telebista baten egin beharreko grabaketa batengatik''''. Jazzaldia hasteko oso denbora gutxi falta denez, Toquinhoren lekua betetzeko beste artista bilatzeko astirik ez dute antolatzaileek. Beraz, ez dute musikaria ordezkatuko eta egitarauan, eta bere tokia hutsik geratuko da. Dagoeneko sarrerak erosi dituzten lagunei dirua itzuliko zaiela adierazi du antolakuntzak.
Doako eta ordaindu beharreko kontzertuak
Trinitate plazan, Kursaal Jauregian eta Victoria Eugenian entzungai izango ditugun kontzertuak ordaindu beharreko emanaldiak izango dira. Sarrerak salgai daude Kutxan, Telekutxan, General Ticketsen eta Victoria Eugenia Antzokiaren txarteldegian. Terrazak eta Zurriola hondartzako espazioak, berriz, doakoak izango dira.