Politika -

PSE eta PP kontra daude

Bilduk eta EAJk zuzenduko dute 2016ko kultur hiriburuaren batzordea

Udaletxeko bederatzi departamentuen presidentziak oposizioaren artean (EAJ, PSE eta PP) banatu dituzte, baina 2016ko kultur hiriburuaren batzordea Bilduk eta EAJk zuzenduko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako PSEk eta PPk gogor kritikatu dute2016ko kultur hiriburuaren batzordea presidentzia eta presidentziordea Bilduk eta EAJk hartu izana. Bi alderdi horiek salatu dutenez, "indar abertzaleen metaketa egin dute, ezberdinen arteko elkarbizitzan oinarritzen den proiektu baten inguruan".

Alderdi Popularrak agiri baten bidez egin du salaketa eta Marisol Garmendia zinegotzi sozialistak prentsaurrekoa eman zuen atzo. Odon Elorzaren agintaldian Garmendiak zuzendu zuen 2016an Kulturaren Europako Hiriburu izateko hautagaitzaren egitasmoa.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak atzo jakinarazi zuen Udala nola geratuko den osatuta. Guztira bederatzi departamentu izango dira eta guztietan presidentea eta presidenteordea oposiziokoak izango dira, modu proportzionalean banatuta. Kulturaren Hiriburutza Batzordea, berriz, Juan Karlos Izagirrek zuzenduko du eta Miren Azkarate izango da presidenteordea.

Marisol Garmendiaren esanetan, "egunak dira" Bilduk eta EAJk "hitzarmena egin zutela". Era berean, presidenteordetza PSEren esku geratu ez izana deitoratu du, izan ere, proiektu horretan hasieratik egon da arduradun moduan.

PPk ere uste du presidenteorde kargua Garmendiarentzat izan behar zela. Ramon Gomez Ugalde zinegotziak "oso larritzat" jo du batzorde horretan gertatutakoa eta "oposizioko alderdien arteko adostasuna" errespetatu ez izana egotzi dio EAJri.

"Erabaki horren atzean abertzaletasun gehiago, euskal kultura eta euskara gehiago daude eta hori ez da garaile atera zen proiektu kultural irabazlea", azpimarratu du. Bestalde, Miren Azkarate (EAJ) presidenteordea pozik agertu da hartutako erabakiarekin, baina, era berean, batzorde horrek ibilbide luzea izango ez duela adierazi du. Azkaratek azaldu duenez, "hilabete batzuk barru batzorde hori partzuergo batekin edo izaera juridiko propioa duen erakunde batek ordezkatu beharko luke", Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak Donostiako Udalarekin batera elkarlanean aritu ahal izateko. "Ekimen pribatuak ere tokia izan behar du, proiektuaren izaera parte-hartzailea kontuan hartuta", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea