Itxi

Zinema

Zinemaldia

'Abel', Diego Lunaren lehen filmak, inauguratuko du Horizontes Latinos

Erredakzioa

Latinoamerikako 11 film lehiatuko dira Horizontes saria lortzeko ahaleginean, Donostiako Zinemaldiaren 58. edizioaren baitan.

Latinoamerikako hainbat herrialdetako 11 film izango dira lehian 35.000 euroko Horizontes saria irabazteko Donostia Zinemaldiaren 58. edizioan. Horizontes Latinos sailak Latinoamerikan azken urtean egin den zinema interesgarri eta berritzaileena aztertzen du Donostian. Parte hartzen duten film batzuek urtean zehar beste jaialdi batzuetan lorturiko sarien bermea dute, eta, beste batzuek, beren ibilbide interesgarriari hasiera ematen diote gure artean.

Horizontes Latinos saila Diego Luna aktorearen Abel lanak inauguratuko du. Bere opera prima egiteko, Gael García Bernal aktorea izan du ekoizle bezala Diego Lunak. Abel Sundanceko Zinemaldian estreinatu zen; hain zuzen ere, nazioarteko lanen lehen emanaldiak biltzen dituen International Premieres sailean. Horrez gain, Canneseko Zinemaldiko Sail Ofizialeko saio berezi batean ere eman zuten.

Donostian ikusi ahal izango diren filmetako batzuk, adibidez Norberto apenas tarde (Daniel Hendler), A tiro de piedra (Sebastián Hiriart), Rompecabezas (Natalia Smirnoff) eta Agua fría de mar (Paz Fábrega), Zinema Eraikitzen programaren fruituak dira. Donostiako eta Frantziako Tolosa hiriko zinema jaialdiek elkarlanean abian jarritako programaren helburua behin filmatu ostean postprodukzioan aurrera egiteko zailtasunak dituzten Latinoamerikako fikziozko film luzeak laguntzea da; guztiek nazioarteko jaialdietan parte hartu dute.

Nazioarteko jaialdietan parte hartu duten beste lanetako batzuk honakoak dira: Por tu culpa (Berlinale - Panorama Specials); La mirada invisible (Cannes - Errealizadoreen Hamabostaldia); Lo que más quiero (BAFICI); Octubre (Cannes - Un Certain Regard); Nostalgia de la luz (Cannes - Sail Ofizialeko saio berezia) eta Venezian lehiatuko den Post mortem.