Itxi

Zinema

Irailaren 17tik 25era

John Sayles, Raul Ruiz eta Peter Mullan, Zinemaldiko Sail Ofizialean

Erredakzioa

Naomi Kawase, Victoria Galardi, Daoud Aoulad-Syad eta Bent Hamer dira Urrezko Maskorra lor dezaketen beste zuzendarietako batzuk. Espainiako lau film ere arituko dira aurten lehian.

John Sayles, Raul Ruiz eta Peter Mullan zinemagileen azken lanak lehiatuko dira 2010eko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. Irailaren 17tik 25era bitartean egingo da Zinemaldiaren 58.edizioa, eta bertan Naomi Kawase, Victoria Galardi, Daoud Aoulad-Syad eta Bent Hamer zuzendarien filmak ere ikusiko ditugu Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien zerrendan.

Zazpi zuzendari hauen izenak ezagutu ditugu gaur, eta joan den astean jakin genituen aurtengo lehiaketan parte hartuko duten Espainiako lau pelikulen izenak. Horrela, Sail Ofizialeko 11 izen ditugu orain arte, eta antolakuntzak jakitera eman duenez, laster jakingo dira zeintzuk diren beste lehiakideak.

Naomi Kawase, Ben Hamer, Peter Mullan eta Victoria Galardi zuzendariak lehendabizikoz lehiatuko dira Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko. John Sayles, Raul Ruiz eta Daoud Aoulad-Syad zuzendarientzat, aldiz, ez da lehen aldia izango.

Naomi Kawase japoniarrak Genpin aurkeztuko du. Kawasek Canneseko Urrezko Kamera lortu zuen Moe no Suzako (1997) lanari esker, eta Cannesen, 2007an, Epaimahaiaren Sari Berezia jasotzen lehendabiziko emakumea izan zen Mogari no More filmarekin.

Peter Mullan zuzendari, gidoilari eta aktore britainiarra Neds bere hirugarren filmarekin izango da lehian Donostian. Orphans bere lehenengo luzemetraia Venezia, Paris edo Gijoneko zinemaldietan saritua izan zen. The Magdalene Sisters lanak, bere bigarren filmak, 2002ko Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazi zuen.

Bestalde, Raul Ruiz, zinemagile beterano eta ospetsua, Donostiara itzuliko da Misterios de Lisboa lana aurkeztera. Ruizek nazioarteko zinemaldi garrantzitsu eta entzutetsuenetan parte hartu du: Donostian 1994an izan zen, Fado maior e menor filmarekin; gainera, lau aldiz egon da&' || 'nbsp;Cannesen, eta 2007an Berlineko zinemaldian karrera osoari Urrezko Hartza eman zioten.

Bent Hamer norvegiarrak ere lehiaketan parte hartuko du, Home for Christmas lanarekin. 2003ko Seminciko Urrezko Galburua lortu zuen Hamerrek, eta, 2007an Cannesko Un Certain Regard sailean parte hartu zuen. Norvegiarrak Factotum aurkeztu zuen Zabaltegi Bereziak sailean 2006an, eta Sukar izoztua atzerabegirakoan egon ziren zuzendarietako bat ere badugu.

John Saylesi atzera begirakoa eskaini zion Zinemaldiak 1994an eta orain Donostiara itzuliko da Amigo aurkeztera. Laugarren aldiz lehiatuko da John Sayles Donostian, Men of War, Silver City eta Honeydripper aurkeztu ditu-eta lehenago. Azken horrekin 2007ko gidoi onenaren saria jaso zuen (Siete mesas de billar francés filmarekin batera).

Daoud Aoulad-Syad marokoarra La Mosquée bere bosgarren filmarekin lehiatuko da. Filmaren ekoizlea Abderrahmane Sissako zinemagilea da.

Argentinako ordezkari gisa Victoria Galardiren bigarren lana izango dugu, Cerro Bayo. Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia ere izango dena. Amorosa Soledad (Martín Carranzarekin batera zuzendutako lanak) Zinema Eraikitzen 13 ekimenean parte hartu zuen, eta 2008an Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen. Bertan Gazteriaren saria lortu zuen.