Zinema
Irailak 17-25 bitartean
Espainiako lau film, 2010eko Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian
Jose Maria Orberen 'Aita', Judith Collel eta Jordi Cadenaren 'Elisa K', Oscar Aibarren 'El gran Vázquez' eta Agustin Villarongaren 'Pa Negre' filmeak Sail Ofizialean lehiatuko dira.
Lau film espainiarrak lehiatuko dira aurten 2010eko Zinemaldiaren Sail Ofizialean Urrezko Maskorra jasotzeko. Donostiako Zinemaldiaren 58. edizioa irailaren 17tik 25era bitartean ospatuko da eta Sail Ofizialean, Aita (Jose Maria Orbe), Elisa K (Judith Colell eta Jordi Cadena), El gran Vázquez (Oscar Aibar) eta Pa Negre (Agusti Villalonga) filmeak hartuko dute parte.
Aita izena du Jose Maria de Orbe zuzendariaren bigarren lanak; Luis Pescador eta Mikel Goenaga ditu protagonista. Luis Miñarrok ekoiztu du, eta orain gutxi Karlovy Varyko zinema jaialdian Kristalezko Globoa sari nagusia jaso du Agusti Vila zuzendariaren La Mosquitera filmarekin. Zinta honek, gainera, Kutxa Saria-Zuzendari Berrien sailean ere hartuko du parte, zinemagile honen bigarren pelikula delako.
Judith Colell eta Jordi Cadena kataluniarrek Elisa K filma zuzendu dute, Lolita Bosch idazlearen Elisa Kiseljak obran oinarritua. Judith Colell zuzendariaren aurreko obra, 53 Días de Invierno, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean estreinatu zen 2006an. Jordi Cadena, berriz, Espainiako trantsizio garaiko zuzendari esanguratsuenetako bat da, eta 1991. urtean hartu zuen parte Zinemaldiko Sail Ofizialean Los Papeles de Aspern filmarekin.
El Gran Vázquez Oscar Aibarren laugarren filma da. Santiago Segura (lehenago La Máquina de Bailar filmean hartu zuen parte) Alex Angulo eta Enrique Villen dira film honetako aktoreak; komedia tankerako biopic berezia da, ukitu garratzak ere badituena. El Gran Vázquez filmak Vázquez margolariaren bizitza kontatzen du, frankismo garaian Bruguera argitaletxeko margolari nabarmenena izan zena.
Agusti Villaronga zuzendaria hirugarrenez izango da Donostia aldean; aurten Pa Negre filmarekin etorriko da, Emili Teixidor idazle kataluniarraren izen bereko eleberria oinarri duena. Besteak beste, Laia Marull (emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra 2003an Te doy mis ojos filmarekin), Eduard Fernandez eta Sergi Lopez ditu protagonista.
Villalonga Donostiako zinema jaialdian parte hartu zuen 2002. urtean, Aro Tolbukhin izenburuko filmearekin Sail Ofizialean parte hartzeko. Aurretik, 1986. urtean Zabaltegi sailean ere aritu zen.