Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

FIKZIOA

EITBk "Pensión Incompleta" telesaila grabatuko du 3Cat eta TVG telebistekin batera

EITB Media

Gasteizko FesTVal jaialdian aurkeztu zuten proiektua hiru telebista publikoetako eta Voz Audiovisual ekoiztetxeko ordezkariek. Bertan izan ziren, halaber, fikzioan parte hartuko duten Ane Gabarain eta Joseba Apaolaza aktoreak.

  • "Pensión Incompleta"ren aurkezpena Gasteizko FesTVal jaialdian

    "Pensión Incompleta"ren aurkezpena Gasteizko FesTVal jaialdian

"Pension Incompleta", Estatuko ikus-entzunezkoen esparruan aitzindari izango den proiektua, aurkeztu zen joan den ostiralean (irailak 5), Gasteizko FesTVal jaialdiaren barruan. EITBk, 3Catek eta TVGk elkarlanean, Voz Audiovisual enpresa galiziarrarekin batera, ekoiztuko duten telesaila euskaraz, galizieraz, katalanez eta gaztelaniaz grabatuko da, Euskadiko, Galiziako eta Kataluniako benetako kokalekuetan.

 

Itxuraz maitagarriak diren IMSERSOko bidaiari talde bat da telesailaren abiapuntua, eta bat-batean artelan batzuen desagerpenaren susmagarri nagusi bilakatuko dira. Protagonisten artean daude Ane Gabarain eta Joseba Apaolaza euskal aktoreak, besteak beste. Serie korala izango da, publiko guztiarentzat, eta 2026an iritsiko da hiru lurralde horietako pantailetara.

 

Road movie gisa garatuko den ekoizpenaren gidoia elkarren artean landu dute Galizia, Euskadi eta Kataluniako profesionalek, askotariko begirada, tokiko sentsibilitatea eta bokazio integratzailea kontuan izanik. Lan formula horrek lurraldeen arteko lankidetzarako bide berri bat irekitzeaz gain, norberaren kulturak eta hizkuntza-aberastasuna motor narratibo gisa balioesten ditu. Horrekin batera, hiru komunitateen kultura-, arte- eta paisaia-ondarea balioan jarri nahi da.

 

"Pensión Incompleta" koprodukzio publikoko formatuetan berrikuntzaren aldeko apustu estrategikoa da, eta etorkizunean lankidetza gehiago egiteko bidea zabaltzen du. Ez da entretenimenduzko eduki bat soilik, zerbitzu publikorako bokazioa duten telebista autonomikoen arteko lankidetza kultural eta industrial handiagorako urrats sendoa ere bada.