Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Ekainak 19

Radio Euskadiko Bakarrizketa Lehiaketaren finala, ostiralean

EiTB

Hirugarren edizioko finala EiTBren Multibox aretoan ospatuko da 17:00ak eta 19:00ak bitartean, Radio Euskadiko "Graffiti" saioan, eta streaming bidez ere jarraitu ahalko da eitb.eus-en.

  • Radio Euskadiko Bakarrizketa Lehiaketaren 2. ediziko finalistak eta Sergio Arrospide aurkezlea.

    Bigarren edizioko finalistak, Sergio Arrospiderekin. Argazkia: EiTB

Ostiral honetan, ekainak 19, Radio Euskadiko Umorezko Bakarrizketa Lehiaketaren hirugarren edizioaren finala egingo da EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Bi orduko zuzeneko saio berezia izango da, 17:00etan hasi eta 19:00etan amaituko dena, eta umorea izango du ardatz. Segurtasun arauak betez, finala aretoan bertan ikusiko duen jende kopurua murriztu egingo da. Alabaina, ekitaldia irrati bidez eta online jarraitu ahalko dugu, "Graffiti" irratsaioan eta eitb.eus-eko streaming-ean, hurrenez hurren. 

Sergio Arrospidek eta Galder Perezek gidatuko duten galak osagai ezberdinak izango ditu: aurreko bi edizioetako irabazleen bakarrizketak (Gemma Martínez eta Ibon Belandia) eta Behotsik & Nerea Alberdi eta Miren Narbaizaren musika emanaldiak tartekatuko dira. Sei finalisten lana epaitzeko ardura Imanol Ituiño magoak, Mery Urcelay aktoreak eta Mikel Zumeta kritikoak izango dute. Irabazleak 2000 euroko saria eramango du. 

Iñigo de Lascoiti iruindarra da finalistetako bat, El crossfit, la nueva normalidad bakarrizketarekin, entzuleen 2255 boto jaso ostean. Horri esker, 500 euro irabaziko ditu. Beste bost lehiakideak hauek izango dira: Raquel Torres bilbotarra, Soy selfinómana lanarekin; Eñaut Zuazo gasteiztarra Ya no quedan nombres como los de antes bakarrizketarekin; Pepi Labrador kataluniarra Algo pasa con Pepi lanarekin; Txiki donostiarra Zu eta zure kuadrila 40 urtekin bakarrizketarekin, eta Noemí Cupido hernaniarra, Llorar en público lanarekin. 

Parte hartze zabala eta gai ugari 

Edizio honetan 6000 boto eta 15.000 bisita baino gehiago jaso dira web orriaren bitartez. Eta izena eman duten bakarrizketa kopurua ere aurreko bi edizioetan baino handiagoa izan da. Horietatik guztietatik 22 entzun dira "Graffiti" saioan. 

Parte hartzaileek denetariko gaiak jorratu dituzte. Batetik, psikologia kontuak: Vascanaria txikitako traumen inguruan aritu da eta Salah El Yaakoubi, berriz, familian duten umoreaz; Begoña Garciak lotsatia dela kontatu digu, eta Auritzek, maitasun kontuetan zorterik ez duela. Noemi Cupido jendaurrean negar egiteaz mintzatu da. 

Linguistika izan dute ardatz beste batzuek. Bartzelonan bizi den Eñaut Zuazo gasteiztarrak gaur egun haurrei jartzen zaizkien izenei buruz hitz egin du; Chema Trujillo kexati azaldu da bere izena oker idazten dutelako. Erlijioaz mintzatu dira Txemi Parra, lehen jaunartzea egin zuenekoa gogoratuz, eta Richard Eros, Misa Millenial izeneko bakarrizketarekin. Teknologia berrien esparrua ere jorratu dute beste batzuek; Miren Izostegik, Dani Gallegok eta Pilar Quesadak, esaterako. 

Bakarrizketak euren nahiak adierazteko baliatu dituzte beste batzuk: Mikel Gomezek herrialde txiroago batera joan nahi duela kontatu digu, Pepi Labradorrek Bartzelonatik Euskal Herrira etorri nahi duela, Ruphenek gaztetasuna gorroto duela eta Txiki nostalgiaz aritu da. 

Mendekotasunei buruz aritu dira Iñigo de Lascoiti, Ane Lindane, Raquel Torres, Jorge Moreno eta Txita Burguera. Eta Txema Perezek aholkua eskatzeko baliatu du Radio Euskadiko bakarrizketa lehiaketa.