Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Jardunaldiak

EITB eta euskara mintzagai, Hizkuntza Gutxituen 18. Nazioarteko Biltzarrean

EITB Media

EHUko NOR ikerketa taldeak online antolatuta, martxoaren 24, 25 eta 26an izango da. Hainbat herrialdetako hizlarik euren esperientziak eta ikerketak azalduko dituzte.

  • Itziar Azpeitia Iruretagoiena

    Itziar Azpeitia Iruretagoiena, EITB Mediaren artxiboko irudi batean.

Martxoaren 24, 25 eta 26an egingo da, sarean, EHUko NOR ikerketa taldeak antolatutako Hizkuntza Gutxituen 18. Nazioarteko Kongresua. Bertan, hizkuntza eta kultura gutxituak dituzten hainbat herrialdetako esperientziak eta ikerketak azaldu eta eztabaidatuko dira. Tartean, Itziar Azpeitia Iruretagoienak, EITBko Proiektu Berezien arloburuak, EITBk egungo ikus-entzunezkoen testuinguruan euskararen garapenean eta hedapenean duen paperaz hitz egingo du.

Biltzarraren xede nagusia da diziplinarteko ikerketen topaleku izatea eta hizkuntza gutxituek testuinguru eleanitz berrietan dituzten erronkei ikuspuntu akademiko ezberdinetatik heltzea. ICML kongresuaren aurtengo edizioa Bilbon izatea espero zuten antolatzaileek, baina azkenean ICML XVIII online izango da, BILBONLINE deitu dioten espazio birtualean.

Konferentziak 40 urte baino gehiagoko historia du eta bi urtean behin egiten da Europako hiriburu batean. Ekitaldi honetako hizlari nagusiak honakoak dira: Jasone Cenoz (EHU); Ana Deumert (University of Cape Town, Hegoafrika); Ingrid Piller (Macquarie University, Australia) eta Joan Pujolar (Universitat Oberta de Catalunya). Gainera, 10 panel tematiko egongo dira eta 100 komunikazio aurkeztuko dira.

Asteazkenean, Itziar Azpeitia EITBko profesional eta EHUko doktoreak Gilbert Montsaathebe, Aida Martori eta Enara Eizagirre-Arandia eta Edurne Urrestarazu-Garcia hizlariekin parte hartuko du panelean. Zehazki, hedabideak hizkuntza indigenatan eta afrikar hizkuntzei buruz arituko da Montsaathebe; Aida Martorik, berriz, espazio komunikatibo kataluniarra ingurune digitalean izango du ardatz; eta Enara Eizagirre-Arandiak and Edurne Urrestarazu-Garciak atzerritar erdaldunek udalerri erdaldunetan euskarekin duten harremana azalduko dute.

EITBk euskararen hedapen eta garapenean dituen aukerak eta erronkaz

Itziar Azpeitiaren hitzaldia Public broadcasting and minority languages in the current audio-visual context: facing new challenges and seeking opportunities in the new media ecosystem (Komunikazio erakunde publikoak eta hizkuntza gutxituak egungo ikus-entzunezkoen testuinguruan: erronka berriei aurre egiten eta aukera berriak bilatzen komunikabide ekosistema berrian) izango da. Bertan EITBk euskararen hedapen eta garapenean dituen aukeraz eta erronkaz arituko da, egungo ikus-entzunezko testuinguruak  dituen berezitasunak kontuan hartuz. "Testuinguru konplikatu eta lehiakor honetan, hizkuntza gutxituak erabiltzen dituzten sare publikoko enpresak beren lekua aurkitzeko eta sortutako erronka berriei erantzuteko borrokan ari dira", azaldu du. Hitzaldian, enpresa publiko horiek gutxiengoen hizkuntza eta kulturen garapenean eta hedapenean duten garrantzia jorratuko du. Halaber, dituzten erronkak eta horiei erantzuteko aukerak azalduko ditu. Euskal Irrati Telebistaren kasuan jarriko du fokua. Hala eta guztiz ere, bere aburuz, egindako hausnarketek balio bera izan dezakete beste hizkuntza gutxitutan aritzen diren hedabide publikoentzat.

Gai hauei buruz asko ikertu du Itziar Azpeitiak, telebistako profesional zein ikerlari akademiko gisa. Hain zuzen ere, Beyond negativity on television entertainment: positive perspectives and research on its contribution to public television (Azpeitia, 2019) bere doktoretza-tesiak gai horiei buruzko azterketa zabalaren emaitza batzuk biltzen ditu.