telebista
Estreinaldia
Munduan barreneko sukalde eta jakiak ezagutuko ditugu "Me Voy a Comer el Mundo" saioarekin
Sukaldaritza bidaiak ardatz dituen Canal Cocinako saioan, azoketara eta jatetxeetara bisita egiteaz gainera, urrats bat aurrera egingo du Veronica Zumalacarregui aurkezleak lekuko ohiturak ezagutzeko eta tokiko protagonistekin harremanetan jartzeko, hauek gidari lana egin dezaten.
-
Verónica Zumalacárregui. Argazkia: EITB Media
Sukaldaritza bidaiak ardatz dituen "Me Voy a Comer el Mundo" saioa estreinatuko da asteartean, uztailaren 7an, ETB2n eta ETB ONen, 22:15ean. Jatorriz Canal Cocinarena den programan, munduko hiri desberdinetako sukaldaritzak emango ditu ezagutzera Verónica Zumalacárregui kazetariak. Merkatuak eta jatetxeak bisitatzeaz gain, leku bakoitzeko ohiturak ikertzeko ahaleginean, tokiko protagonistekin jarriko da harremanetan Zumalacárregui, gidari lana egin dezaten. Zalantzarik gabe, munduko txoko bakoitzean mahai gainean zer jartzen den bertatik bertara jakiteko modurik onena izango da. Halaber, gidari horien etxeetan sartu ahal izango da, hozkailuak eta despentsak kuxkuxeatu, sukaldean aritu, eta mahaia familia giroan partekatzeko.
Verónica Zumalacárregui (Vero Zuma izenez ezaguna dena) kazetari eta eduki-sortzaileak gastronomiaren eta giza istorioen bidez bidaiak kontatzeko modua hankaz gora jarri du. Bere ikuspegi glokalarekin — tokikoa begirada globalarekin bizitzea — kultura desberdinak dituzten pertsona askorekin bat egitea lortu du, leku bakoitzaren arima biztanleen mahaitik erakutsiz. Egiazko narratiba enpatiko eta bisualki zaindua dira Verok gidatzen duen saioaren ezaugarriak. Aurkezlea, gainera, panorama digitaleko ahots eraginkorrenetako bat bilakatu da.
20 herrialde baino gehiagotan eman den Canal Cocinaren programa arrakastatsuaren sortzailea 75 leku baino gehiagotan egon da, honez gero. Zumalakarregik gidatutako espedizioak Tokio, New York, Seul edo Dubai bezalako metropoli modernoak bisitatu ditu. Horiekin batera, milaka urteko tradizioa duten eta lurrean errotuta dauden beste bazter batzuk ere: hala nola Peruko Amazonia, Marokoko basamortuak edo Transilvaniako lur mistikoak. Beti ere etxeko (eta hozkailuetako) ateak ireki dituzten lekuan lekuko pertsonak ezagutuz, beraien gastronomiaren sekretuak programarekin partekatzeko.

