telebista
Oparitu bizia
EiTB transplanteen alde arituko da gaurko Maratoian
A.A.
EITB
Egun osoan dirua batzeko ahalegin berezia egingo da 902 54 25 25 telefono zenbakian eta eitb.com-en, maratoi solidarioaren baitan.
'Oparitu bizia' lelopean, EiTB Taldeko komunikabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta eitb.com) transplanteen inguruko informazio eta sentsibilizazio kanpaina gauzatu dute, eta gaur izango da egun nagusia. Elkartasun maratoiaren bidez egun osoan zehar diru-laguntza batzeko ahalegin berezia egingo da. 902 54 25 25 telefonora hots egin beharko dute dirua eman nahi duten guztiek, eta deiei erantzuten pertsona famatuak izango dira. eitb.com-en bidez ere eman ahal izango da dirua.
Aurtengo maratoi solidarioaren kanpainak bi helburu nagusi ditu: organo eta ehunen transplanteen gaineko ikerketarako fondoak biltzea, eta organo-emateak daukan garrantziaz ohartaraztea.
Maratoiari bultzada emateko asmoz, Iker Karrera mendi korrikalariak kirol erronka burutuko du ostegunean, Pagasarrira ahal bezainbeste alditan igotzen saiatuko da, goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak bitartean, etenik gabe. 'Egun On Euskadi' albistegiak zuzen-zuzenean eskainiko du erronka abian jarriko den unea. Bertan, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia egongo da. Ordubete geroago, Maite Iturbek, Jon Darpon Osasun sailburua lagun duela, hasiera emango dio EiTBren elkartasun egunari deigunetik.
Bestalde, Vanessa Sanchezek gidatzen duen 'Entrada Libre' saioan (ETB2, 11:15), Maria Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria eta Joseba Aranzabal Osakidetzako Transplanteen Koordinazio Zentroko arduraduna egongo dira.
Egunean zehar, ETBko bi kateetan konexio laburrak egingo dituzte diru bilketa nola doan jakiteko, eta 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan tarte zabalagoa eskainiko diote Maratoiari. Joana Lasheras, Amaia Usandizaga, Ilaski Serrano, Maite Esparza eta Joseba Olagarai izango ditugu berriemaile.
Gauean, ETB2n, saio berezia gidatuko du Africa Baetak, 22:30ean hasita. Zuzenean arituko da deigunetik bertatik, elkarrizketak eginez eta erreportajeak eskainiz. Bertan, hainbat pertsona ezagunek euren aurpegi solidarioena erakutsiko dute, EiTB Maratoiak jarriko dizkien erronken aurrean. Julian Iantzi eta Juanito Oiarzabal, esaterako, flashmob bat antolatu eta dantza egiteko gai ote diren ikusiko dugu.
00:30 inguruan, azken konexioa egingo dute deigunearekin, eta Maite Iturbe zuzendari nagusiaren ahotan jakingo dugu zenbat diru bildu den.
ETB1en, 'Debatea' saioaren barruan egingo dute horren kontakizuna, Xabier Euzkitzerekin bat eginez.
Bestalde, Bilboko Orkestra Sinfonikoak elkartasun-kontzertua eskainiko du 20:00etan, Euskalduna Jauregian, EiTB Maratoiari babesa agertzeko.
Ehun bat ezagun, deiak hartzen
EiTB Maratoiaren egunean, nola ez, telefono-deiak jasotzen ehun bat pertsona ezagun arituko dira. Telebista eta irratiko aurkezle eta kazetari ugari egongo dira deigunean: Iban Garate, Zuhaitz Gurrutxaga, Julian Iantzi, Sara Gandara, Pedro Mari Goikoetxea, Mikel Olazabal, Amane Ibañez, Ilaski Serrano, Pili Manterola, Juan Carlos de Rojo, Amaia Artetxe, Ander Arzak, Jose Ituarte, Txema Montoya, Patxi Alonso, Txetxu Ugalde, Jon Elortza, Edurne Garmendia, Joseina Etxeberria, Ainhoa Vitoria, Jon Gotzon, Olaia Urtiaga, Saioa Martija, Ana Ramos, Manu Etxezortu, Amaia Cayero, Roge Blasco, Yolanda Alzola, Anjel Alkain, Oihan Vega, Dani Alvarez, Urko Aristi eta Manu Maritxalar.
Horiekin guztiekin batera, beste hauek ere bai: '101 Gaztelu'n lehiakide izan diren Jonas Ormabera, Oihana Lopez eta Jurdan Ezenarro; 'Conquis'eko lehiakide ez ezik irabazle ere izan diren Gotzon Mantuliz eta Oskar Sanz, eta ETBko zenbait saiotan solaskide aritzen diren Garbiñe Biurrun, Julen Madina, Mikel Oroz, Jose Ramon Blazquez, Roberto Rodriguez, Esther Esparza, Martin Barriuso eta Julia Madrazo.
EiTB Maratoiarekin bat egingo duten aktoreen artean, Itziar Aizpuru, Klara Badiola, Aitor Mazo, Mariasun Pagoaga, Itziar Atienza, Diego Pérez, Ane Gabarain, Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Veronica Moral, Loli Astoreka, Yanick Vergara, Aitziber Garmendia, Gorka Aginagalde, Susana Soleto, Leire Ucha, Gurutze Beitia, Esther Velasco, Maribel Salas, Iker Galartza, Miriam Cabeza, Lander Otaola eta Ylenia Baglietto, baita La Otxoa ere.
Kirol munduko ordezkaritza zabala ere izango dugu: Markel Bergara, Imanol Agirretxe, Jose Angel Iribar, Aitor Larrazabal, Iñaki Goitia, Manu García, Esti Aizpurua, Nerea Gabirondo, Johana Flaviano, Irune Murua, Ibai Zabala, Pablo Berasaluze, Javi Conde, Abraham Olano, Josune Bereziartu, Alberto Iñurrategi, Juanjo San Sebastian, Juanito Oiarzabal, Maider Unda, Marino Lejarreta, Roberto Laiseka, Iñaki Perurena, Mikel Goñi, Virginia Berasategi, Oier Aizpurua, Javier Lezkano, Txus Jaio, Eneko Llanos, Andrés Vilariño, Miguel Madariaga, Gorka Gerrikagoitia, Dorleta Zorrilla, Sergio Sánchez eta Adrian Gómez.
Musika arlotik, Jabier Muguruza, Natxo de Felipe, Xabi Solano, Amaia Zubiria, Etxe, Idoia Bediaga, Kauta taldeko Adrian Elustondo eta Mikel Moreno, Doctor Deseoko Francis eta Josi, eta Korrontziko Agus Barandiaran etorriko dira.
Azkenik, Aitor Elizegi eta Fernando Canales sukaldariak, Mercedes de Miguel moda diseinatzailea eta Luis Chillida ere hurbildu dira gurera.
EiTB Maratoia, irratietan eta Interneten
EiTB komunikazio taldeko irratiek ere arreta berezia eskainiko diote Maratoiari, eta deigunearekin zuzeneko konexioak egingo dituzte egun osoan zehar. Euskadi Irratian, Janire Gerenabarrena izango da berriemaile, eta Radio Euskadin, berriz, Ander Iribar goizean eta Javier Dominguez arratsaldean. Gainera, Euskadi Irratiak adi-adi jarraituko dio Iker Karreraren erronkari, Aiert Arieta-Araunabeñaren eskutik goizean eta Aritz Gallastegirekin arratsaldean.
Interneti dagokionez, eitb.com-en bidez Maratoiaren egunean gertatzen den guztia zuzenean ikusi ahal izango da. Informazioa eta bildutako diru-kopurua une oro eguneratuko dute. EiTBk hamalaugarren urtez jarraian egiten duen elkartasun kanpainaren inguruko informazio zabala ere topatu daiteke bertan.
Diru ekarpenak nola egin
902 54 25 25 telefonoa zabalik egongo da hurrengo egunera arte; datozen asteetan on-line (eitb.com-en) eta Kutxanbak-eko kontu korrontean, 2095 0611 00 9109513824, egin ahal izango dira diru ekarpenak.
Bestalde, Euskalteleko Telebista Interaktiboko bezeroek telebistako urrutiko kontrola erabiliz dirua eman ahal izango dute. Telebistako beheko aldean, EiTB Maratoiarekin parte hartzera animatuz, mezua ikusiko dute. Bertan, botoi gorria sakatu, eta pantailan agertzen diren argibideei jarraitzeko eskatuko zaie. Bi modu daude parte hartzeko: 1) Botoi gorria sakatuz soil-soilik eta pantailan agertzen diren argibideei jarraituz, Euskaltelek bost euro emango ditu transplanteen aldeko kanpainarako. 2) Euskalteleko bezeroak ere dirua eman nahi badu, aplikazio honen bidez egin ahal izango du, eta Euskalteleko hurrengo fakturan kargatuko diote.