Itxi

transplanteak

transplanteak

transplanteak

Ostegunean, abenduak 19

EiTB Maratoiaren aldeko erronka burutuko du Iker Karrerak

A.A.

EiTB

EiTBtik Pagasarrira ahal bezain beste alditan igotzen saiatuko da,12 orduz, transplanteen aldeko kanpainari bultzada emateko asmoz.

  • Iker Karrera. (EiTB)

    Iker Karrera. (EiTB)

Iker Karrera mendi korrikalariak EiTB Maratoiaren aldeko erronka burutuko du ostegun honetan, abenduak 19. MendiFilm Jaialdiaren eta Forumem laguntzarekin, Pagasarrira ahal bezain beste alditan igotzen saiatuko da, goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak bitartean, etenik gabe. Transplanteak ditu ardatz aurten EiTB Maratoiak, eta ostegunekoa, hain juxtu, egun nagusia izango da, informazio eta sentsibilizazio kanpainari amaiera emango dion elkartasun eguna.

Amezketako kirolariaren helburua, kirol markak finkatzea baino, kanpainari bultzada ematea izango da: organo-emateak daukan garrantziaz ohartaraztea, eta organo eta ehunen transplanteen gaineko ikerketarako fondoak biltzea, 'Oparitu bizia / Regala vida' leloarekin bat eginez.

Goizeko 9etan du hitzordua Iker Karrerak EiTBren Bilboko egoitzaren atarian. Maite Iturbe zuzendari nagusia alboan duela, jarriko dira abian kirol erronka eta elkartasun eguna.

Zenbait aurpegi ezagunek Ikerrekin batera korrika egingo dute egunean zehar. Goizeko 11etan, Gotzon Mantuliz 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko lehiakide ohia abiatuko da; eguerdiko 13:00etan, Iraia Iturregi eta Ainhoa Tirapu Athletic Clubeko jokalariak; 14:00etan, Andoni Aizpuru 'Eguraldia'ko aurkezlea, eta 17:00etan, Javi Conde kirolari paralinpikoa. Condek, gainera, 1.000 euroko txekea emango du.

CompaRace enpresaren laguntzaz, lasterketa GPS bidez jarraituko da. Honenbestez, une oro Iker nondik nora dabilen jakin ahal izango dugu.

Jaiotzez amezketarra den arren, Iker Karrera Tolosan bizi da, eta bertako kirolariek 2013ko kirol merezimendu saria eman diote berriki, aurtengo denboraldi bikainagatik. Sei lasterketa irabazi ditu, tartean, Tor des Geants mitikoa, munduko mendi maratoirik gogorrena. Italian jokatutako proban ez ezik, garaile izan da baita ere Picos de Europako ibilaldian eta Eiger Ultra Trail, Gran Raid des Pyrenees eta Tor des Geants probetan.

Jarraitu hemendik Ikerren lasterketa eta jakin ezazu non dagoen une bakoitzean: