telebista
22:15ean, ETB2n
Sonia, Aitor eta Iban, gaur, 'Sukaldari' saioko final handian
Hemen da final handia. 13 lehiakidek hasi zuten abentura gastronomikoa, eta soilik hiruk lortu dute amaierara heltzea: Sonia, Aitor eta Iban. 'Sukaldari' irabazle bakarra izango da.
-
Aitor, Sonia eta Iban, 'Sukaldari'ko hiru finalistak
'Sukaldari'ko final handia eskainiko du ETB2k, gaur, 22:15etik aurrera, saioaren 10. atalean. Lanbidez horretan jarduten ez badute ere, sukalderako grina handia duten 13 lehiakidek hasi zuten abentura hau. Orain, hiru bakarrik geratzen dira, hiru finalistak: Sonia, Aitor eta Iban.
Programan zehar, barnean duten sukaldaria erakutsi dute hirurek, eta finalera heldu arte, proba ezberdinei, emozio eta tentsioz beteriko uneei, eta sorpresa ugariri egin behar izan diete aurre. Sukaldaritza bizitzeko hiru modu ezberdinen isla izan dira, bakoitzak programan izan dituen jarrerak eta izaerak erakutsi dutenez. Lehiakideen ibilbideak oso desberdinak izan dira, lehian aritzeko gaitasuna dutela ere argi utzi dute, eta horregatik dira 'Sukaldari' saioko hiru finalistak.
Sonia
'Sukaldari' saioko lehen fasea irabazita, final handirako lehen sailkatua izan zen Sonia. Errenteriako tatuatzaile eta 3Dko diseinatzailea lan egiteko gaitasunagatik eta pertsona atsegina izateagatik nabarmendu da saioan, baina sukaldean aritzeko izaera gogorra ere baduela erakutsi digu. Bere ibilbidean Esteban bezalako aurkari gogor eta lehiakorrak utzi ditu atzean. Aitorrek eta Ibanek ez dute erraz izango Soniari irabaztea.
Aitor
Aitorrek final handirako bigarren txartela eskuratu zuen lehiaketako bigarren faseko irabazlea izatearekin batera. Urduñako sukaldaritzaren ospea defendatzera etorri zen Aitor, eta Basque Culinary Centerreko sukaldeetan lidergorako duen gaitasuna ere argi utzi digu. Afrikari eta Ananeri, sukalderako nortasun gogorreko bi emakumeri, irabaztea lortu zuen Aitorrek.
Iban
Final handirako azken txartela eskuratu zuen Ibanek, saio berezi batean. Aurreko bi faseetako lau lehiakidek bigarren aukera bat izan zuten 'Sukaldari' saioko finalean sartzeko, eta arraunlari zarauztarrak ez zuen abagunea galtzen utzi. Ikasteko duen abilezia nabarmena izan da bere ibilbidean, eta Ander eta Ramon irakasleek garrantzi handia eman izan diote honi. Apaltasuna ere izan da Ibanen ezaugarrietako bat, eta, horregatik, ikus-entzule asko bereganatu ditu.
Mugaritz esperientzia
Hiru finalistentzako sorpresa batekin hasiko da final handia: Mugaritz jatetxera bisita. Andoni Luis Aduriz sukaldariak bere etxeko instalazioak erakutsiko dizkie, eta bertako plater adierazgarrietako bat nola egin ikasiko dute hiru lehiakideek. Ahoa zabalik geratuko dira Sonia, Aitor eta Iban Mugaritzen biziko dutenarekin. Bi errezeta prestatzea eskatuko die Adurizek, eta, beraz, bera izango da final handiari hasiera emango diona. Mugaritzeko buruaren pausoei jarraitu ahal izateko, aurretik Eroskin erosketak egin beharko dituzte Soniak, Aitorrek eta Ibanek.
Juan Mari Arzak, Pedro Subijana eta Martin Berasategi
Izen handiko beste hiru sukaldari ere izango dira 'Sukaldari' saioko final handian: Juan Mari Arzak, Pedro Subijana eta Martin Berasategi. Bigarren proban zeresan handia izango dute hirurek, emozio eta tentsioz betetako final handiari urrezko amaiera emateko.
Gaur, 'Sukaldari'ko irabazlea jakin nahi baduzu, ez galdu final handia, 22:15etik aurrera, ETB2n.