Itxi

telebista

Irailaren 27ra bitartean

Zinemaldiaren jarraipen zabala, EiTBn

A.A.

EiTB

Irailaren 27ra bitartean, Donostiako zinema jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein internet bidez.

  • Zinemaldia. Argazkia: EiTB

    Zinemaldia. Argazkia: EiTB

Donostiako 62. Zinemaldiaren berri zabal emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta interneten. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea eta eitb.eus-en gaurtik irailaren 27ra bitartean.

Donostia Sariaren bigarren gala irailaren 26an egingo da eta Benicio del Toro sarituko dute. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da ETBKn eta eitb.eus-en.

Gainera, Zinemadiaren itxiera ekitaldia ETB1en eta eitb.eus-en eskainiko da zuzen-zuzenean.

ETBko albistegiek lantalde zabala izango dute Donostiako Zinemaldiaren berri ematen. Zuzeneko, erreportaje eta elkarrizketa bidez bertatik bertara jarraituko dute hitzordu garrantzitsu hau, albiste den guztia ez ezik, ikusgai ez diren kontuak ere ikusleei erakutsiz. Arreta berezia eskainiko diote Sail Ofizialean aurkeztuko diren filmei eta, noski, Donostiara etorriko diren zinema munduko izarrei.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin

Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik jarraitu ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, 11:00etatik aurrera, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantalde zabalarekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaleen iritziak ezagutuko dituzte berarekin. 16:00etatik aurrera, berriz, ordu erdiko saio bereziak eskainiko dira Euskadi Irratiko setetik. Analisiak, iritziak, hausnarketak eta mahai-inguru bereziak osatuko dituzte Donostian dagoen giroa entzuleei helarazteko. Maialen Galparsoro eta Mertxe Ezeiza kazetariek, Arkaitz Basterra zinema zuzendariak, Begoña del Teso kritikariak eta Jose Luis Padron idazleak osatuko dute Euskadi Irratiko aditu taldea.

Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko dira Felix Linares, Marijo Villaverde eta David Beramendi kazetariak albistegietan eta saio nagusietan ('Boulevard', 'Iflandia' eta 'Más Que Palabras'). 'Kultura.com' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zinema jaialdiaz egunero.

Webgune berezia eitb.eus-en

Telebista eta irrati kateekin batera, eitb.eus atariak jarraipen estua egingo du Internet erabiltzaileak informatzeko. Atal berezi bat izango dute webgunean, Zinemaldiaren berri guztiak biltzeko. Albisteak, izarren bideoak, argazkiak... Sekzio ofizialeko pelikulak eta prentsaurrekoak jarraituko dituzte eta izarren peskizan ibiliko dira.

Bestalde, Zinemaldiko gala guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da eitb.eus-en: irekiera, itxiera, Donostia Sariak eta Zinemira Saria.