Itxi

telebista

San Sebastian Eguna

Haur danborrada eta bandera jaitsiera, zuzenean, gaur

A.E.

EiTB

Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi ETB1eko goizeko programazioan, 11:40tik aurrera.

Gaur, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:40an hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Beste behin ere, Danbor Nagusiak, Jeneralak, laguntzaileek, Easo Ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte, 43 ikastetxetako danbor-jotzaileen laguntzarekin.

Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen. Alderdi-Ederretik 4.500 bat neska-mutil abiatuko dira, baina egunean zehar guztira 7.000 haur eta gaztetxo arituko dira Donostiako auzo eta kaleetan zehar danborra jotzen.

Ospakizunei amaiera emateko, Juan Karlos Izagirre alkateak Donostiako bandera jaitsiko du gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Unión Artesana elkarteko danborrariek 'San Sebastian martxa' joko dute, azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Imanol Artolak egingo du kontakizuna 23:25etik aurrera.

eitb.eus-en, streaming bidez

eitb.eus-ek jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak streaming bidez zuzenean eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.