Itxi

telebista

Gaur

Txirrindularitza, estropadak eta futbola, zuzenean, ETBn

A.A.

EiTB

Tourreko 14. etapa, Orioko Kanpina Bandera, eta Eibar-Celtic Glasgow eta Real Union-Real Sociedad partidak eskainiko dira.

0:09

Kirol eskaintza bete-betea dakar gaurko egunez Euskal Telebistak. Zuzeneko lau emanaldi izango dira: Tourreko 14. etapa, Orioko Kanpina bandera eta bi futbol partida (Eibar-Celtic Glasgow eta Real Union-Real Sociedad).

14:10ean egingo dute bat Frantziako Tourrarekin ETB4n, eta 15:00etatik aurrera ETB1en jarraitu ahal izango da Rodez eta Mende arteko 14. etapa. 178,5 km izango dituen ibilbidearen nondik norakoak ekarriko dizkigute, ohi denez, Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak.

Estropaden txanda izango da ondoren. 17:30etik aurrera jokatuko da Orioko Kanpina bandera. Eusko Tren Ligako trainerak lehiatuko dira lehenengo, eta San Miguel Ligakoak, ondoren. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak egingo dute kontakizuna ETB1en eta eitb.eus-en.

Futbolzaleek hitzordu bikoitza izango dute gaur. Eibar taldearen 75. urtemuga eta Real Unionen mendeurrena ospatzeko antolatutako adiskidantzako partidak eskainiko dituzte ETBk eta eitb.eus-ek: Eibar-Celtic Glasgow (ETB4, 18:00) eta Real Union-Real Sociedad (ETB1, 20:45). Xabier Andueza eta Iñaki Mikeo izango dira esatariak, hurrenez hurren. Biek ala biek, Juanan Larrañaga aditua izango dute lagun.

Afizionatu mailako pilotak eta herri kirolek osatuko dute kirol eskaintza. 12:00etan, zesta puntako herriarteko finala izango da ikusgai ETB4n, Mutriku eta Gasteiz artekoa. Iñigo Aiestaranek egingo du kontakizuna Felix Espilla lagun duela.

19:30ean, herri kirolen tartea zabalduko du ETB1ek. Lehendabizi, emakumezkoen Euskadiko Sega Txapelketa eskainiko da, eta, ondoren, Euskadiko Sokatira Txapelketa (600 kg). Juanan Legorburu izango dugu berriemaile.