Itxi

telebista

Telesail berria

'Eskamak Kentzen' telesaila grabatu du ETBk

A.E.

EiTB

Kontserba-lantegi batean girotutako komedia dramatikoak Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Itziar Aizpuru, Elena Irureta eta Karmele Larrinaga ditu protagonista eta otsaila amaieran hasiko da ematen.

1:54

'Eskamak Kentzen' izeneko telesaila grabatu dute Euskal Telebistaren Donostiako egoitzan. Kontserba-lantegi batean girotutako komedia izango da, eta Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Itziar Aizpuru, Elena Irureta eta Karmele Larrinaga izango ditu protagonista. Eurekin batera arituko dira Itziar Atienza, Ramon Agirre, Alberto Berzal, Joseba Apaolaza, Maria Urzelai, Ainara Ortega eta Amaia Irazabal. Otsaila amaieran hasiko da emisioa ETB1en eta eitb.eus-en.

Il Tre Velieri kontserba-lantegiak hondoa jo duela eta, jabeak lantegia ixtea erabakiko du. Langileek, baina, pauso bat aurrera egitea erabakiko dute orduan: lantegia erosi eta kooperatiba sortuko dute. Denak dituzte erabakiaren aurka, eta zorpetu egingo dira, nahiz eta egoera ekonomiko eskasean egon. Horixe da telesail berriaren abiapuntua. La Competencia Producciones eta K2000 ekoiztetxeek ETBrekin lankidetzan egindako fikzio honek lanbide zaharra utzi nahi ez duten eskabetxera talde baten eguneroko bizitza du ardatz.

Kontserba-lantegiko bizipenak

Iñigo Lezertuak eta Cesar Rodriguez Blancok garatu dute proiektua. Rodriguez Blanco La Competenciaren kide da, eta telesail arrakastatsuak sortu, ekoitzi eta zuzendu ditu; 'Con el Culo al Aire', 'Doctor Mateo'  'Cuestión de Sexo', 'La Familia Mata', 'Policías, en el Corazón de la Calle' eta 'Compañeros', tartean.

Arazoen aurrean ausart, indartsu eta baikor jokatzen duten kontserbagile adoretsuen bizitza kontatzen du 'Eskamak Kentzen' telesailak. 1.000 metro karratu hartuko dituzten dekoratuetan grabatuko da. Bertan, kontserba-lantegia eta langileen etxeak sortuko dituzte.

Eskabetxe-lantegiko kanpo aldea, berriz, Mutrikun grabatuko da. Balearen arrantza usadio izan duen herri honetan dago, hain zuzen ere, dekoratuen inspirazio izan den lantegiaren aurreko alde hori.

Pertsonaia nagusiak

ITSASO (Barbara Goenaga): New Yorken exekutibo gisa lan egitetik bere herriko kontserba lantegi bateko kudeatzaile izatera pasatuko da, hanka-sartze handi bat dela medio. Lanean argi eta bikain jokatzen du, baina bere bizitza pertsonalean, berriz, oso trakets. Etxera itzultzerakoan, bere sustraiekin egingo du bat berriro, eta kontserbagileen izaeraz kutsatuko da.

MARI CARMEN (Loli Astoreka): Itsasoren amak janari-denda dauka kaian. Bere alaba asko maite du, sentimenduak adieraztea asko kostatzen bazaio ere. Dena ondo iruditzen zaio, berak gauzak beste modu batera egingo balitu ere.

MAITE (Itziar Aizpuru): Itsasoren amona galtzeko gutxi eta bizitza gozatzeko gogo asko duen emakumea da. Euskal matriarkatuaren ikurra da. Betidanik, bere garaiari aurre hartu dion emakumea da. Itsaso eta bera hezur eta mami dira.

XOLE (Elena Irureta): Emakume kontserbagile taldeko burua da. Burugogorra da, eta kontserba-lantegia salbatu eta neskak alboan ez uztea sartu zaio kaskezurrean. Ahalegin handia egingo du horretarako, eta prest dago edozer egiteko bere helburua lortzearren.

GARBIÑE (Karmele Larrinaga): Xoleren lagunik onena da. 40 urte egin dituzte elkarrekin lanean. Ezkongabea da, eta disfrutatzeko prest dago.

ITZIAR (Maria Urzelai): Fantasiaz eta ametsez betetako munduan bizi da. 40 urte baditu ere, ospetsu izateko aukera berriro izango duela uste du.

NEREA (Ainara Ortega): Haur bikien ama da, eta Itsasoren nerabezaroko lagunik onena. Bihotz zabala da, eta beti dago laguntzeko prest. Gazteegi konformatu ote den zalantza du. Abentura gutxi bizi izanak kezkatzen du.

ELENA (Itziar Atienza): Oso lehiakorra da arlo guztietan. Bere bizitzan guztia dago aurretik antolatuta, eta hortik ateratzea arazoa da beretzat. Matiasen neska-laguna da, eta Matias, Itsasoren maitasun platonikoa.

MALEN (Amaia Irazabal): 21 urte ditu, eta bost urte daramatza kontserba-lantegian. Ez du bizimodu erraza izan, baina jarrera positiboa dauka egoera guztien aurrean. Gauzek itxura txarra badute ere, seguru dagoela ematen du beti.

MATIAS (Alberto Berzal): Marinela da, barrabasa bezain xarmangarria. Itsaso, nerabe zela, berarekin maitemindu zen platonikoki, eta orain, herrira itzuli denean, zeharo maiteminduko da berriro.

GENARO (Joseba Apaolaza): Il Tre Velieri kontserba-lantegiaren jabea da, eta jatorri italiarra duen familiak utzi zion negozioa. Ez da tipo txarra, ez du neskekin eztabaidarik nahi, baina beste asmo batzuk ditu, lan gutxiago eginez diru gehiago irabazteko.

ERNESTO (Ramon Agirre): Genaro bere jabearen zakur leiala da Ernesto. Kontserba-lantegiaren ardura dauka, eta neskei lana azkorrago egiteko eskatzen die. Neskak oihuka eta modu txarrean tratatzen baditu ere, horien beldur da, baina ezin du hori erakutsi.

hori erakutsi.

hori erakutsi.

hori erakutsi.