Itxi

telebista

ETB2n

Amets baten atzetik, gaur, 'Objetivo Euskadi' saioan

A.H. | EITB

Bere bizitzeko modua goitik behera aldatu duten pertsonak hartuko ditu protagonista saioak.

Aste honetako 'Objetivo Euskadi' saioak bere bizitzeko modua goitik behera aldatu duten pertsonak hartuko ditu protagonista, eta erabaki hori hartzeko izan dituzten arrazoiak aztertuko ditu. Biziraupena, estresa, maitasuna edo beste modu batera bizitzeko grina dira arrazoi horietako batzuk.

Sandra Lejarza hiriko bizitza maite zuen Galdakaoko gaztea zen eta ez zuen inoiz imajinatuko Lemoako baserri batean bizitzen amaituko zuenik. Maitasunak eraman zuen bertara. 15 urte geroago, bi alaba eta ganadutegi batekin, bere tokia aurkitu duela esan dezake.

Begoña Loizagak 45 urterekin egin zuen aldaketa. Eskola batean ekonomista moduan lanean 20 urte igaro ondoren, lan finko baten egonkortasuna alde batera utzi zuen, Marurin, germinatuen laborantza ekologikoan aritzeko.

Mikel Beldarrainen familiak ere sorpresa handia hartu zuen, lan finkoa eskaini zioten egun berean, dena bertan behera utzi eta artzaina bihurtzea erabaki zuenean. Bere ametsetako lanbidean ari da orain, Inma bere emaztearekin batera.

Argazkilari artistiko moduan Madrilen zuen bizitzaren estresak bultzatuta hartu zuen Saioa Urkizak bere bizitza aldatuko zuen erabakia. Animaliak maite izan ditu beti, eta Labastida bere jaioterrira itzuli eta bertan oilo arrautzarien esplotazioa sortzea erabaki zuen. 500 oilo ditu eta inguruko herrietan saltzen ditu arrautzak.

Laudion Txema Perez de Arribarekin topo egingo du saioak. Berak ere 360 graduko aldaketa egin zuen bere bizitzan: ingeniari lana utzi zuen shiitake perretxikoen hazkuntzan aritzeko.

Telebistako saio batean ikusitako testigantza baten ondorioz, Natxo Beltran de Herediak eta Ana Monserratek multinazional enpresa batean zuten lana utzi zuten eta 300 biztanleko herri batera joan ziren.

Phil Miller Eskoziatik Arabako herri txiki batera nola iritsi zen ere ezagutuko dute; Celia Villanuevak kazetari lana utzi eta taxista moduan zergatik hasi zen ere bai. Gaizka Tovarrek, aldiz, behar handia duten herrialdeei laguntzea erabaki zuen, lana utzita.

Amaitzeko, Juan Luis Primoren istorioa ezagutuko du 'Objetivo Euskadi'k: arkitekto moduan zuen ibilbide arrakastatsua alde batera utzi eta neurrira egindako bizikleten negozioan sartu zen.

'Objetivo Euskadi' larunbat honetan emitituko da 22:15etik aurrera ETB2n.

ETB2n.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista