Itxi

telebista

Gaurtik aurrera

'Más de Tres Millones', ETB2ko arratsaldeetako saio berria

EITB

EITB

Gure herria erakargarri eta harrigarri bilakatzen duten lagunen istorio ugari aurkeztuko dizkigu Erika Barrerasek aurkeztuko duen saioak.

  • Erika Barreras

Gaur arratsaldean, Euskal Telebistak 'Mas de Tres Millones' saio berria estreinatuko du. Arratsaldero, gaueko 'Teleberri' albistegiaren aurretik, gure inguruko bazter guztiak arakatuko ditu gertakari eta protagonista berriak ezagutzeko asmoarekin. Izen propioa duten istorioak izango dira saio berriaren ardatz, eta lau haizetara bidaiatuko dira istorio eta protagonista horien bila: iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera, hiri handienetik herri txikienera eta itsasotik mendira. Ez da istorio bat ere kontatu gabe geratuko.

Erika Barreras kazetariak aurkeztuko duen saioak aparteko gertakari eta istorioen berri emango du. Besteak beste, eskualde bakoitzeko ohiturak, zerbait berezia duten lanbide eta bizimoduak, eta elikadura, ekologia eta ingurumenari buruzko gaiak emango ditu ezagutzera. Kolaboratzaile eta erreportari talde zabalak gure inguruan gertatzen denaren alderik bitxiena erakutsiko du: oso hurbil ditugun arren, ezagutzen ez ditugun gertakari, proiektu, ideia eta protagonistak, alegia.

Istorio bakoitzaren protagonisten eskutik ezagutuko dituzte ikus-entzuleek errealitate ezberdinak, eta haien etxe eta lantokietara joango da 'Más de Tres Millones', erreportajeen eta zuzeneko konexioen bidez. Horrez gain, istorio horien zati bat platora eramango dute Iban Bengoetxea, Unai Ugarte eta Javier Dominguez erreportariek. Besteak beste, protagonistek egindako produktuak, haien trebetasun eta kontuak, eta baratzean hazten dituzten jakiak ekarriko dituzte.

'Más de Tres Millones' saioak gertuko giroa eskainiko du platoan, lagunarteko giro atsegina, eta bertan bilduko diren kolaboratzaile eta aurkezlearen arteko berotasunak pantaila zeharkatuko du eta ikus-entzuleen etxeetara iritsiko da.

Modu harrigarrian kontatuko dituzten istorioek osatuko dute 'Más de Tres Millones' saioa, irudi fresko eta modernoa galdu gabe, eta sormena hizpide hartuta. Lagunarteko giroan, egun-eguneko gaiak jorratu eta Euskal Herriko errealitatearen adierazgarri izango diren istorioen berri emango dute Erika Barrerasek eta bere erreportari eta kolaboratzaile taldeak arratsaldero, 20:15etik aurrera, ETB2n.

ETB2n.