telebista
ETB1en
Urruñan izango da, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa
A.H. 1 EITB
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik herriko istorio bitxienak ezagutuko dituzte bertako bizilagunen eskutik.
Iparraldera egingo dute txangoa Pagadik eta Zuhaitzek gaur, Urruña herrira hain zuzen ere. Lapurdiko herri honek Irunekin egiten du muga, eta zazpi auzok osatzen dute.
Pagadik Pausu auzotik hasiko du bere ibilbidea. Irungo Nazioarteko Zubia igaro eta Pausu da Urruñako lehen auzoa. Bertan dago Xaia ostatua, euskal kulturaren topaleku eta gaur egun eta urtetan zehar ostatu mitikoa izan den lokala. Pausutik Sokoa auzora. Itsasontzi txiki batean, bi urruñarren konpainian, Euskal Erlaitza itsasotik ezagutzera joango da. Handik, Urruñako herrigunera abiatuko da. Kanpoaldean garbigailu eta hozkailu zaharrak dituen burdindegi batera sartuko da Pagadi kuxkuxeatzera, eta han ezagutuko du negozioko jabea. Istorio politak kontatuko dizkio burdindegian saltzen dituen objektuen inguruan. Herri kiroletan buru belarri murgilduta dagoen urruñar batekin ere topo egingo du, eta etxeko garajean bizkarreko minarentzako asmatu duen tramankulua probatuko du Pagadik. Mercedes elegantea gidatzen duen 91 urteko gizon batekin amaituko du eguna xanpaina edaten.
Zuhaitzek Urruñaren bihotzean dagoen denda berezi bateko neska gazte batekin solasean ekingo dio egunari. Neska horrek bere ezkon-bidaiako istorio bitxia kontatuko dio. Urruñarrek afizio handia dute mus jokoan, nazioarteko mus txapelketaren antolatzaileak izanik. Mus partida baten inguruan, aurrez aurre lehiatzen diren bi aita-seme bikote ezagutuko ditu, eta baita epaile lanak egiten dituen gizon jator bat ere. Erlaitzan, euskal kantuak itsasoari begira kantatzen dituen euskaldun-berri bat ezagutuko du, eta hark bere istorio bitxia kontatuko dio. Bere baserrian patatak landatu, frijitu eta patata chips-ak ekoitzi eta saltzen dituen urruñar bat ere ezagutuko du.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur emitituko da, 22.00etatik aurrera, ETB1en.
en.