Itxi

telebista

EiTBren inkesta

EiTB Focus inkestaren emaitzak ostegunetik aurrera argitaratuko dira

Lehen emaitzak EiTBko albistegietan emango dira ezagutzera, ostegunean. Jarraian, irrati zein telebistako saioek jarraipen zabala egingo diote inkestako emaitzei.

Inkestaren lehen ataleko emaitzak apurka apurka aletuko dituzte. Lehen emaitzak EiTBko albistegietan emango dira ezagutzera apirilaren 21ean, eta 'EiTB Focus'i buruzko 'Minuto a Minuto' saioan aztertuko dituzte egun horretan bertan. Ostiral goizean, 'Egun On Euskadi' albistegian, eta Radio Euskadiko 'Boulevard' eta Euskadi Irratiko 'Faktoria' irratsaioetan jorratuko dute emaitzen bigarren zatia. Halaber, 'Azpimarra', 'En Jake' eta 'Sin Ir Más lejos' telebistako saioek ere leku zabala eskainiko diote inkestari.

'200 en Jake', hezkuntzari buruzko debate handia

Ostiral horretan, halaber, hezkuntzari buruzko inkestaren emaitzak emango dira jakitera gauean, eta horren harira, '200 En Jake' saio berezia izango da ikusgai. 200 lagunekin eztabaida gidatuko du Xabier Lapitzek 22:30ean. Bertan, 200 herritarrek iritzia emateko aukera izango dute. Hezkuntzarekin zerikusia duten estamentuetako ordezkariak izango dira saioan: gurasoak, ikasleak, irakasleak, adituak... Guztiek 'EiTB Focus'ek emandako emaitzen inguruko hausnarketa egingo dute, hezkuntzaz eta politikaren inguruan.

Halaber, eitb.eus webgunean, 'EiTB Focus' orrialde berezian, egiten diren ikerketa guztien emaitzak eskura izango dituzte erabiltzaileek, behar beste eta lasaitasunez kontsultatu ahal izateko. Era berean, EiTBko programa ezberdinetan egiten diren analisiak ere bertan jarraitu ahal izango dira.