telebista
Kirolak zuzenean
Italiako Giroa, gaurtik aurrera, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A. | EiTB
Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute lasterketaren kontakizuna arratsaldero, 15:00etan hasita.
Gaur arratsaldean Herbehereetako Apeldoorn hirian hasi eta hilaren 29an Torinon amaituko den Italiako Giroa zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en arratsaldero, 15:00etan. Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga arduratuko dira kontakizunaz. 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietako kirol tarteetan, gainera, eguneko etaparen kronika eskainiko dute.
Hiru erlojupeko eta goi mendiko lau etapa izango ditu Italiako Giroaren 99. edizioak. Sailkapen nagusirako garrantzitsuak izango diren hiru jardunaldiak hauek dira: 14. etapa, etapa erregina, Corvaran amaituko dena; 19. etapa, Pinerolo eta Risoul artekoa; eta azken aurreko etapa, 20.a, Sant'Anna di Vinadio gainean bukatuko dena. Esprinterrentzat aproposak diren zazpi jardunaldi eta erdi mailako mendateak izango dituzten beste zazpi etapa izango dira gainerakoak. Tartean, hiru atseden-egun izango dituzte.
Iazko Giroan hirugarren egin zuen Mikel Landa arabarra azken garaipena lortzeko faboritoetako bat da. Vincenzo Nibali izango du aurkari nagusi. 2010ean Vuelta, 2013an Giroa eta 2014an Tourra irabazitakoa da Nibali, eta beste bi alditan lortu du Giroko podiumera igotzea.
Giroan 36 urte dituela lehen aldiz arituko den Alejandro Valverde, 2013an eta 2014an bigarren postuan geratu zen Rigoberto Uran eta Rafal Majka gazte poloniarra ere kontuan izan beharreko txirrindulariak dira.