telebista
22:15ean
'Washington, ongi etorri' saio berezia, gaur, ETB2n
A.E.|EiTB
Xabier Lapitzek aurkeztuta, euskal kulturaren ordezkaritza zabalak Estatu Batuetan egindako erakustaldia izango du ardatz.
Gaur gauean, 'Washington, ongi etorri' saio berezia izango dugu ikusgai ETB2n. Bertan, euskal kulturaren ordezkaritza zabalak Estatu Batuetan egindako erakustaldia izango dute ardatz.
Bi astez, Folklife jaialdiak Euskadi izan du protagonista. Smithsonian-ek, munduko kultur erakunde ohoretsuenetakoak, antolatutako jaialdiak, bost hamarkadako historia du. Bere helburua, kultur ohitura ezberdinak erakutsi eta hauen berezitasuna nabarmentzea da. Aurten, euskal identitatea izan da protagonista nagusia, solasaldi, euskarako klase, sukaldaritza, kirolak, ohiturak eta musika eskaini ditu. Leku desberdinetatik etorritako milaka bisitariren artean zabaldu da euskal kulturaren adierazpena.
Xabier Lapitzek aurkeztuko duen saioak, besteak beste, Idaho eta Kaliforniako euskal diasporako zenbait kide izango ditu gonbidatu. Euskaldun eta era berean estatu batuar izatearen esperientziaz arituko dira. Horrez gain, Elene eta Josebe Washingtonen bizi eta Banku Mundialean lan egiten duten bi bizkaitarrekin egongo dira. Michael Mason jaialdia antolatu duen erakundeko zuzendariak topaketaren nondik norakoak azalduko ditu. Halaber, Aitzol Atutxa aizkolari txapeldunak eta Iturengo Joaldunek Capitolio aurrean erakustaldia egingo dute.
'Washington, ongi etorri' Estatu Batuetako Gobernuaren Barne idazkaritzan ere sartu da. Bertan, David Jayo euskaraz ederki mintzatzen den amerikarrak eraikuntzaren zokoak erakutsiko ditu, eta komunitate euskaldun-amerikarrak erakunde ekonomiko eta politikoetan duen presentzia azalduko du.
Zer dakite estatubatuarrek euskaldunei buruz eta guk zer dakigu eurei buruz? Galdera horiei erantzuten saiatuko dira saio berezi honetan.
'Washington, ongi etorri' 22:15ean izango da ikusgai ETB2n.