Itxi

telebista

22:15ean, ETB2 eta eitb.eus-en

'Objetivo Chimborazo' realitya estreinatuko du gaur ETB2k

eitb.eus

EITB

Sara Gandarak aurkeztuko duen saioko lehiakideek Ekuadorren dagoen Chimborazo sumendia igo beharko dute.

'Objetivo Chimborazo' saioa estreinatuko dute gaur ETB2k eta eitb.eus-en. Sara Gandarak aurkeztuko du saioa, eta lehiakideek zailtasun bereziko hainbat proba gainditu beharko dituzte helburua lortu ahal izateko, Ekuadorreko Chimborazo sumendia igotzeko.

Lau autonomia erkidegotako zortzi bikote izango dira lehiaketa honetako parte-hartzaileak: Euskal Herriko (talde gorria), Andaluziako (talde berdea), Aragoiko (talde horia) eta Gaztela-Mantxako (talde zuria) bina bikote lehiatuko dira, eta talde guztietan kapitain bat egongo da.

Euskal Herriko taldeak Iñaki Lekuona, "Gu Ta Gutarrak" eta "El Conquistador del Fin del Mundo" saioetan aritutako hernaniarra, izango du kapitain, eta bi bikote hauek osatuko dute taldea:

Irantzu Carral eta Jorge Serna

Irantzu Carral 29 urteko deustuarra itzela da. Poztasuna inork baino gehiago erakusten du, baina erabat aldatzen zaio aldartea bizitzako une triste edo gogorrak gogoratzen dituenean. Bulkaden eraginez mugitu izan da beti. Gaur egun, oso ongi konpontzen da Jorgerekin, garai batean bikotekide izan zuen eta "Objetivo Chimborazo"n taldekide izango duen lagunarekin. Bien arteko maitasun-gorroto harremana oso berezia da.

Fisikoki indartsu dago Irantzu. Getxo Rugby taldean jokatzen du, Ohorezko Mailan, eta Euskadiko selekzioko kidea da; beraz, eliteko kirolaria da. 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko 10. edizioan ere hartu zuen parte.

Jorge Sernak 32 urte ditu eta gasteiztarra da. Irantzuren bikotekide perfektua da, hari falta zaion guztia baitu Jorgek. Oso lasai hitz egiten du, baina, Irantzuren arabera, genio handiko mutila da. Fisikoari begiratuta, kontrakoa eman arren, indar handiko mutila da.

Aitziber Nazabal eta Egoitz Zozaia

Aitziber Nazabalek 32 urte ditu eta Etxarri Aranazkoa da. Nortasun eta genio handiko emakumea da. Bere hitzetan, ez du mutil-lagunik ez dituelako gizonak jasaten eta nahiago omen du bakarrik egon. Gorroto du dantza egitea, eta ez omen du egiten ezta trago batzuk edanda ere. Gainera, oso harro sentitzen da bere jatorri euskaldunarekin, eta egoskorra dela nabarmendu du. Fisikoari dagokionez, oso kirolaria eta lehiakorra da.

Egoitz Zozaiak, berriz, 28 urte ditu. Ordiziakoa da sortzez, baina Zizur Nagusian bizi da 3 urte zituenetik. Aitziber baino lotsatiagoa da, baina, hura bezala, grinatsua da, eta oso harro dago bere euskaldun nortasunaz. Hau ere egoskorra eta lehiakorra omen da.

Saioaren dinamika

Gure mundutik isolatuta, sakelako telefonorik gabe, Interneterako konexiorik gabe... Ekuador eta bertako paisaia eta inguru bereziak ikusiko dituzte lehiakideek, Chimborazo sumendiaren gailurrera iritsi arte.

Bidean, proba ugari gainditu beharko dituzte lehiakideek, eta gorputzez ondo egoteaz gain, buruz ere ondo egon beharko dute. Programa bakoitzean 3 proba-mota egingo dira: immunitatea eskuratzeko eta lehiaketa uzteko hautatuak izateko aukerari ihes egiteko lehiatuko dira talde guztiak Proba Nagusian; Salbatzeko Proban, bi bikoteren arteko lehia ikusiko dugu, kanporatuak ez izateko nor baino nor gehiago; eta Kanporatzeko Proban, kanporatuak izateko aukeratuta dauden bikoteetako kideak banan-banan ikusiko ditugu eta aurrez aurre arituko dira.

Konklabe izeneko bileretan biziko dira tentsio handieneko uneak. Lehiakideek lehiaketa uzteko hautagaiak aukeratu beharko dituzte bilera hauetan, eta beste lehiakideen aurrean azaldu beharko dituzte hautaketa horiek egiteko arrazoiak.

Asteazkenero, 22:15ean, izango da ikusgai "Objetivo Chimborazo" ETB2n eta eitb.eus-en.