telebista
Kirolak zuzenean
Arrauna, txirrindularitza eta pilota, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A. | EiTB
Getxoko Ikurrina, Tourreko 15. etapa eta Barakaldoko pilota jaialdia zuzenean emango dira.
Arraunarekin ekingo diete ETB1ek eta eitb.eus-ek gaurko zuzeneko kirol emankizunei. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak Getxoko Ikurrinaren berri emango dute 12:00etatik aurrera. Lehendabizi EuskoTren Ligako traineruak lehiatuko dira eta ondoren San Miguel Ligakoak.
15:00etan txirrindularitzaren txanda izango da. Frantziako Tourreko 15. etapa menditsu eta ikusgarriaz gozatzeko parada izango dute ikus-entzuleek. Bourg-en-Bressen hasi eta Culoz gainean amaituko den 160 kilometroko ibilbidean birritan igo beharko dute kategoria bereziko Grand Colombier mendatea, azkenengoz helmugatik 14 kilometrora. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea arduratuko dira kontakizunaz.
18:00etan 'ETB Kantxa' saioa hasiko da, Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak gidatuta, Barakaldotik. Gorka-Cecilio / Ugalde-Merino I partidak zabalduko du jaialdia. Ondoren, Bizkaiko 5 ½ torneoko final laurdenetako norgehiagoka jokatuko dute Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III-Barriola bikoteek.
Bestalde, ETB4n bi emanaldi egongo dira: 11:00etan palari egingo diote tartea, Herriarteko Euskal Herriko Txapelketako finala eskaintzeko; 19:00etan, Euskadi-Venezuela lagun arteko saskibaloi partida izango da ikusgai. Pala emankizuna Juanan Legorburuk eta Juan Carlos Oterok gidatuko dute; saskibaloikoa, berriz, Juan de la Vegak eta Josean Aldalurrek. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango dira.