telebista
Albistegi liderrak
ETBko albistegiek denboraldi berria hasi dute
A.E.| EiTB
Iban Garate izango dugu 'Gaur Egun 2' aurkezten, eta Jonan Apaolaza, asteburuko ETB1eko albistegiaren gidari. 'Teleberri 2'n, Xabier Garcia Ramsden arituko da Amaia Urkiarekin.
Indarberrituta eta irmo, uda honetan lidergoa sendotu duten albistegiak irailaren 5ean jarriko dira abian. Abuztuan %21,3ko audientzia-zatia eskuratu dute ETBko albistegiek, urteko marka onduz, eta urtean, orain arte, batez beste, % 19,4ko audientzia eskuratu dute. Denboraldiari nobedade eta aldaketekin ekingo diote. Gainera, kurtsoaren hasiera honetan, irailaren 25ean izango diren hauteskundeen berri emateko ahalegin berezia egingo du ETBk. Ohiko debate eta albistegi saioez gain, erreportaje bereziak ere izango dira ikusgai datozen asteetan.
09:00etan zabalduko da albistegien leihoa 'Egun On Euskadi'rekin. Estepan Aldamiz-Etxebarriak gidatuta, tertuliak eta egun-eguneko elkarrizketa eta albisteen errepasoak osatzen dute tartea. Aldamiz-Etxebarriak, iaz bezala, Xabier Usabiaga kazetaria izango du lagun platoan, berarekin batera eguneko gaien berri emateko.
'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek aurpegi berriak dakartzate denboraldi honetan. Eguerdian, 'Gaur Egun'en, Xabier Usabiaga izango da gidari, eta 'Teleberri'n, berriz, Africa Baeta, orain arte bezala. Gauean, berriz, 'Azpimarra'ko lankide izan den Iban Garate izango dugu aurrerantzean ETB1eko albistegiaren aurkezlea, eta ETB2n, Amaia Urkiarekin batera, irratitik datorren Xabier Garcia Ramsden izango da. Asteburuan, 'Gaur Egun'en, Jonan Apaolaza izango da aurten, eta, ETB2n, Estibaliz Ruiz de Azuak jarraituko du.
'Kirolak' tarteari dagokionez, ETB1en, Jon Balentziaga eta Ana Ramos izango dira kirol berrien gidari; ETB2n, berriz, Jose Ituarte eta Sara Gandara kazetariena izango da ardura hori.
Xabier Lapitz aurkezle izango du berriro 'En Jake' saioak. Egunero, astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 14:00etara, albiste politikoak, ekonomikoak, adituen analisia eta azken ordukoa bilduko ditu saioak. Udazken honetan, gainera, aktualitate politikoa pil-pilean egongo da. Irailaren 25eko hauteskundeak atarian ditugu, eta Espainian Gobernua osatzeko ahaleginak edo hauteskundeen balizko deialdiak zeresan ugari emango du.
'Ahoz Aho' eta 'La Noche En Jake' saio berriak
Arratsaldeetan, irailaren 12tik aurrera, magazin berria izango da ETB1en, 'Ahoz Aho'. Amaia Cayerok zuzendu eta aurkeztuko du, eta, besteak beste, Ilaski Serrano eta Ruben Abal izango dira lantaldean. Aste barruko programa 16:15etik 18:30era izango da. Aktualitateak eta jendartean arreta pizten duten denetariko gaiak jorratuko dira. Hausnarketa politikoek, elkarrizketek, kolaboratzaileek... osatuko dute 'Ahoz Aho'. Astearte gauean, 'Ahoz Aho +' emanaldi berezia izango da, bereziki aktualitate politikoari erreparatzeko.
Horrez gain, ETB2n, asteroko 'La Noche En Jake' estreinatuko da irailaren 22an. Hauteskundeen ondoren, ostiraletan emango da debaterako tarte hau. Ez da ohiko debate saioa izango. Osagai bereizgarriak izango ditu eztabaida tarteak, eta telebistan oso ohikoak ez diren lagunek parte hartuko dute gaueko saio honetan.
Bestalde, EiTB Focus boto-asmoari buruzko inkestaren laugarren eta bosgarren atalen emaitzak kaleratutakoan, debate bana izango da, gauez, ETB2n, irailaren 8an eta 19an.
Urtero bezala, ez du hutsik egingo 'Palabra de Ley' Eusko Legebiltzarrari arreta berezia eskaintzen dion tarteak, eta kurtsoan zehar estreinatuko da.
eitb.eus-ek, diseinu berria
Ahalegin horrek guztiak jarraipena eta isla izango du eitb.eus erreferentziazko webgune multimedian. Euskal Irrati Telebistak webaren diseinua estreinatu berri du. Berrikuntza garrantzitsuenen artean, diseinu garbiagoa duela eta goiburutik orrialdearen oinera albisteen aldeko apustua egin dela nabarmendu behar dira. eitb.eus-en atari nagusiak eduki hauek izango ditu: albisteak, kirolak, telebista, irratia, Gaztea eta Hiru3 (gaztetxoen ataria). Halaber, atariaren atzealdea argiagoa da orain, atzealde zuria du, eta irudi handiagoak ditu, bideoak, argazkiak eta irudi nagusi guztiak handiagotu baitituzte.