Itxi

telebista

Astelehenero, 22:30ean

Zinema munduko estreinaldirik onenak, 'El Superhit' saio berrian

A.H. | EITB

Gaur gauean, Matt Damon eta Jodie Foster aktoreak protagonista dituen Elysium filma izango da ikusgai ETB2n.

ETB2k zinema munduko estreinaldirik onenak eskainiko ditu 'El Superhit' saio berrian, astelehenetik aurrera. Azken urteetan arrakasta handia eta publikoaren babesa jaso duten filmak izango dira ikusgai astero.

'El Superhit' saioaren barruan hurrengo asteetan eskainiko diren filmen artean honako hauek daude: Interestelar, Mathew McConaughey eta Anne Hathaway protagonista dituen zientzia fikzioko pelikula; Annie komedia musikala; Chappie, Hugh Jackman eta Sigourney Weaver aktoreen pelikula; Wachowski ahizpek Bilbon grabatutako Jupiter ascending; eta Sex Tape, Cameron Diaz eta Jason Segen protagonista dituen komedia.

Gaur gauean, Elysium filma estreinatuko du 'El Superhit' saioak telebistan. Matt Damon eta Jodie Foster dira zientzia fikziozko lan honetako protagonistak, eta 2159. urtean bortizki estratifikatuta dagoen gizartea erakusten du. Pribilegioak dituzten pertsona gutxi batzuek luxuzko bizimodua dute Elysium izeneko espazio-ontzi erraldoi batean. Lurrean bizirik irauteko lanak dituzte gainerakoek, suntsituta eta gehiegi populatuta dagoen planeta pobre batean.

Jodie Foster Rhodes da bertan, Elysium espazio-ontziko biztanleen bizimodua babesteko asmoz immigrazioaren aurkako lege gogor bat sustatuko duen agintari zorrotza.

Lurreko bizilagunek euren esku dagoen guztia egingo dute Elysium espazio-ontzira emigratzeko. Max (Matt Damon) amore emateko zorian dago, baina ia-ia utopikoa den misio bat onartuko du. Misio horrek arrakasta izanez gero, pertsona guztien berdintasuna lortuko du.