Itxi

telebista

ETB1en eta ETB2n

Alberto Iglesias konpositorea, gaur, 'EiTB Kultura Transit' saioan

A.H. | EITB

Konpositore donostiarrak azkeneko hiru hamarkadetan egindako soinu bandak bildu ditu Archipiélago lanean.

Alberto Iglesias konpositore donostiarrak zinean egindako lana bilduko duten bost disko publikatuko ditu ostiral honetan. Archipiélago izenarekin, berrogeita hamar soinu banda inguruk osatuko dute bilduma. Konpositoreak 'EiTB Kultura Transit' saioan azalduko du azkeneko hiru hamarkadatan egindako lan zabal hau, eta zinean, musika eta narrazioaren arteko interakzioa aztertuko du.

Aste honetako saioak, gainera, Europako periferiako artea aztertuko du eta gertutik ezagutuko ditu Corners of Europe Donostia 2016ko ekimenaren emaitzak. Herrialde eta diziplina ezberdinetako artistek bat egin dute ekimenean, eta Europako puntu ezberdinetan bildu izan dira elkarrekin lan egiteko.

Amaitzeko, Sortzaileak atalak eszenatoki gainean jarriko du fokoa. Agurtzane Intxaurraga aktore, gidoilari eta zuzendariak Koadernoa zuri antzezlana estreinatuko du Hika Teatroa konpainiaren eskutik. Garcia Lorcaren La casa de Bernarda Alba lanean inspirazioa lortu du sortzaileak, eta emakumeen ahotsa ozen entzuteko aukera emango du antzezlanean. Larunbatean, Igorren estreinatuko dute lana euskaraz, eta urriak 21ean, Leioan, erdaraz.

'EiTB Kultura Transit' ostegunetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n; eta ostiral arratsaldetan, 16:30ean, berriro izaten da ikusgai ETB1en.