telebista
22:15ean
Etxebizitza mota ezberdinak aztergai, gaur gauean, 'Batek Daki'n
A.H. | EITB
Lastozko etxe bat, etxe okupa bat, ikasleen pisu bat, komentu bat eta belaontzi bat ezagutuko ditu Aitziber Garmendiak.
Etxebizitza baten funtzio nagusia gizakiari aterpea ematea eta arriskuetatik babestea da; eguraldi txarretik, basapiztietatik eta beste gizaki batzuetatik, hain zuzen ere. Historiaurreko gizakiek kobak erabili zituen hotzetik eta erasotzaileetatik babesteko. Ameriketako indiarrek, berriz, larruz egindako dendak, eskimalek igluak eta euskaldunek baserriak. Halere, pertsona guztiak ez dira ustez garaiari eta tokiari dagokion etxebizitzetan bizi, eta horietako batzuk bisitatzeko aukera izango du Aitziber Garmendiak gaurko 'Batek Daki' saioan. Biziko zinateke honelako etxebizitza batean?
Lastozko etxeak ez dira ipuinetako kontuak bakarrik; bizitza errealean ere badaude horrelako etxeak. Hiru txerritxoetako bat izango balira bezala, Iban Paino eta Estitxu Garcia lastozko etxe batean biziko dira laster. Erabat ekologikoa den etxe batean. Dena dela, ipuinean gertatzen ez den bezala, etxe honi otsoaren putzak ez lioke eragingo.
Pentsatu duzue zenbat ordaintzen dugun etxe batean bizitzeagatik edo etxe baten jabe izateagatik? Alokairua edo hipoteka, argia, ura, atariko kuota, zergak... Pertsona batzuek ez dute ezer ordaindu beharrik. Horietako bat Joseba da, Tolosako Bonberenean bizi da, okupa bezala. Etxe horrek irrati estudioa eta guzti du.
Komunitatean bizitzea ez dago batere gaizki; bakoitzak ahal duen neurrian edo bere abilezien arabera laguntzen du taldean. Horrela eta lasaitasunen artean bizi den talde bat Donamaria komentuko klausurako mojak dira. Harrigarriak dira moja langile eta alai hauek. Nola moldatuko da Aitziber komentuaren barruan?
Pisu arrunt bat konpartitzea oso ideia ona da gastuak murrizteko, baina lasaitasuna eta intimitatea galtzeko arriskua egon daiteke. Bizitzeko modu hau oso ohikoa da ikasle unibertsitarioen artean, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko lau ikasle ezagutzeko aukera izango dute aste honetan. Zer izango dute hozkailuan? Nola moldatuko dira etxeko garbiketa egiten?
Itsasoa gustuko ez dutenentzat desegokia izan daitekeen etxe bat ezagutzeko aukera izango dute Jon Arrazolari esker. Getariako portuan amarratuta dagoen baina itsasora egunero joaten den belaontzi batean bizi da urteko hilabete batzuetan. Belaontziak hiru gela, sukaldea, egongela eta komuna ditu; etxe bat ur gainean.
'Batek Daki' astelehenetan izaten da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
s-en.