telebista
Gaur, 22:05ean, ETB1en
'Baserri'k eta 'Txankarra'k moderno izan nahi dute!
A.E.|EiTB
Jubilatu itxura alde batera utziko dute eta 'gaztetzeko' prozesuan sartuko dira Lekeitioko arrantzaleak.
Manu Zatika 'Baserri'k eta Dani Robles 'Txankarra'k espirituz gazte baina itxuraz zaharkituta daudela pentsatzen dute. Horregatik, Maitane Segurolaren laguntzaz, euren itxura goitik behera berritzeko prozesua hasiko dute gaurko saioan. Lehenik eta behin, modan dagoen ile-apaindegi batera joango dira, orrazkera aldatzera. Aldaketa estetikoekin jarraituz, estetizista batek gorputzean soberan dituzten iletxoak kendu eta manikura egingo die.
Alkandora koadrodunak alde batera utzi eta modan dauden jantziak erostera joango dira Unai Goikolea personal shopper ezagunaren laguntzarekin. Txankarrarentzat, bere gorpuzkerarengatik, western ukituko jantziak omen dira egokienak. Baserrirentzat, berriz, italiar moda.
Estetika aldaketarekin gustura geratuko dira, pozik. Baina gazte itxura edukitzea, gaztetasunaren iturritik edatea, batzuetan, 'mingarria' izan daitekeela ikusiko dute berehala. Mingarria da eta bizitza osorako aztarnak utz ditzake. Maitanek tattoo bana egitera eramango ditu. Hasierako erreparoak gaindituta, tatuaje bana egitera ausartuko dira bi jubilatuak. Zer tatuaje? Non? Hemen ere sekulako ezustekoak izango ditugu.
Moderno izateko bidaia liluragarri honetan, itxura aldatzeaz aparte, beste hainbat gauza aldatu beharko dituzte Baserrik eta Txankarrak: keinuak, hizkera, gorputzaren espresioa... Horretarako, dantza ikastaro trinko bat egingo dute, baina ez edonolako dantza; hip-hopa dantzatzen ikasiko dute, gazte pare bati dagokion gisa.
Ez al da hau guztia gehiegi izango Baserri eta Txankarrarentzat, 'gazte' izateko prozesuan? Politikariek esaten duten moduan, ez al dute 'marra gorri' bat edo beste zeharkatuko? Bai, bi neraberen moduan McDonald’s batera joango dira afaltzera. Menestra, bakailaoa, txuleta eta horrelakoak ahaztu eta Big Mac, nugget, McFlurry eta horrelakoak jan beharko dituzte bertan.
Amaituko al dute aldaketa prozesu guztia? Gaur ikusi ahal izango da 'Baserri, Txankarra & Maitane' saioan, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
us-en.