Itxi

telebista

Bertsolaritza

Maider Unda gonbidatu, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' saioan

A.E.|EiTB

Amurrioko eta Aramaioko bertsoaldi onenak izango dira entzungai.

Borroka librea utzi du oletarrak. Egindako bideaz eta bertsolaritzarekin duen harremanaz ariko dira gaur Maider Undarekin 'Hitzetik Hortzera' saioan. Amurrio eta Aramaioko bertsoaldi onenak entzungai izango dira. Historikoaren atalean, berriz, Andoni Egaña eta Xabier Perez Euzkitze haurrari izena jarri nahian entzungo ditugu.

Aurpegi ezaguna da Maider Unda. Ibilbide oparoa egin du borroka librean. Tartean, brontzezko domina bat lortu zuen 2012ko Olinpiar Jokoetan. Bera izango da aste honetako gonbidatua, eta kirol profesionala utzi berritan, egindako ibilbideaz eta aurrera begira dauzkan asmoez ariko gara berarekin. Eta, noski, bertsolaritzaz ere jardungo gara, gertutik ezagutzen baitu Xabier Amurizak 'Hitzaren Kirol Nazionala' deitu ziona. Besteak beste, bertso bat Maider Undaren ahotik entzuteko aukera izango dugu.

Guraso izateari bertsotan

Plazako jardunak bere tokia beteko du aste honetako programan. Hasteko, abenduaren 30ean Aramaion Peru Abarrategik, Iker Zubeldiak, Sustrai Colinak eta Oihana Iguaranek kantatutako bertsorik onenak entzuteko aukera izango dugu. Manex Agirre eta Xabi Igoa aritu ziren gai-jartzaile lanetan. Tartean, aita izan berri den Sustrai Colinari aholkuak ematen aritu zen Iker Zubeldia.

Aste honetako historikoan ere gurasotasuna izango da gai. 1993an Lazkaon egindako jaialdian haurrarentzako izen bila jarri zituen Joxepa Madariaga gai-jartzaileak Andoni Egaña aitona eta Xabier Perez Euzkitze semea. Bertsoaldi umoretsua eskaini zuten.

BECtekada Amurrion

Urtarrilaren 6an, berriz, urteroko hitzordua izan zuten bnertsozaleek Amurrion. Normalean Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsolariak aritzen dira bertan. Aurtengoan ere han aritu ziren kantuan Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Baina Maialen Lujanbioren ordez Alaia Martin jardun zen kantuan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Ainhoa Comasek bete zituen. Saio ederra atera zen Amurriokoa, eta bertako bertsoaldi onenak ere ikusgai izango dira 'Hitzetik Hortzera'n.

Gaur ikusgai

Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EiTB Nahieran-en.

ong>-en.