Itxi

telebista

Gaur

'Equipo de Redacción' saioa, 'Bullyingari Egurra' kanpainarekin bat

A.H. | EITB

Bulliyng kasu zehatzak aztertu eta jazarpenari aurre egiteko metodoak azalduko ditu.

'Equipo de Redacción' saioak EiTBk bultzatutako Bullyingari Egurra kanpainarekin bat egingo du gaur gauean. Azkeneko bost urteetan bullying salaketak bikoiztu egin dira Euskadin, eta horietatik %25 bideratu dira. Hartara, 2014-15 kurtsoan ikertutako 268 espedienteen artean, eskola jazarpenaren 67 biktima identifikatu ziren. Arazoa ez da ikasle erasotzaileena bakarrik, denen arazoa bihurtu da, izan ere, 10 ikasletik lauk eskola jazarpena onartzen dute edo jazarpen kasuen aurrean, beste toki batera begiratzen dute. Mota honetako jokaerekin amaitu eta arazoaren aurrean kontzientzia hartzea da Bullyingari Egurra kanpainaren helburua.

Eskola jazarpena antzemateko mekanismoez eta ikasleak gaiaren inguruan kontzientziatu daitezen gure ikastetxeetan egiten den lanaz arituko dira osteguneko saioan. Jazarpenaren biktima nor izan litekeen eta nola babestu dezakegun  aztertuko dute, baita ere.

Saioak Ion ezagutuko du, bere neurriarengatik eta dantza egiteko duen afizioarengatik eskola ezberdinetan bullyingaren biktima izandako gaztea. Horrez gain, Aitorren testigantza jasoko dute, ikasketetan bikaina izateagatik jazarpena jasan zuen  ikaslea. Tolosako eskola batera joango dira ondoren, eta bertan, bullyingari aurre egiteko martxan jarri duten KIVA metodoa ezagutuko dute. Gainera, ikasleekin egongo dira, klase barruan eta kanpoan bizi izan dituzten egoeren berri izateko.

Bestalde, Tamararen testigantza entzungo dute. Bullyingaren biktima izan zen eta orain, berak bizitako egoeran daudenei laguntzen die. Beste ikasleen aurrean azalduko du Tamarak bere esperientzia pertsonala. Horrez gain, bullyingaren biktima bihurtu zen erasotzaile gazte baten kasua ezagutuko dute.

Teknologia berriek bide berriak ireki dizkiote eskola jazarpenari. Adingabeko baten amarekin hizketan arituko da saioa, bere semeak mugikorraren bitartez jasan zuen ciberbullyingaren berri emango du. Amaitzeko, bullyingaren aurpegirik ezezagunena azalduko dute: ikasle batek irakasle bati eragindako jazarpen kasu bat izango dute aztergai.

'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.

n.