Itxi

telebista

Txirrindularitza zuzenean

Kataluniako Itzulia, zuzenean, ETBn eta eitb.eus-en

A.A. | EiTB

Datorren astean jokatuko den lasterketa arratsaldero izango da ikusgai, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren kontakizunarekin.

0:20

Euskal Telebistak Kataluniako Volta eskainiko du hurrengo astean, martxoaren 20tik 26ra bitartean, zuzenean. Calellan hasi eta Bartzelona amaituko den txirrindularitza probaren nondik norakoak Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak ekarriko dizkigute arratsaldero, 15:35ean hasita.

Astelehenetik ostiralerako etapak ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango dira. Asteburukoak, aldiz, ETB4n eta eitb.eus-en. Igandekoa, gainera, goizean jokatuko da eta 12:00etan egingo dute bat.

Ohi denez, egungo txirrindulari onenek hartuko dute parte Voltan, besteak beste, Chris Froome, Alejandro Valverde, Alberto Contador, Bauke Mollema eta Pierre Roland. Alabaina, Nairo Quintana iazko garailea ez da Calellako irteeran izango.

Lehen etapa Calellan hasi eta amaituko da eta 178 km izango ditu. Bigarrena taldekako erlojupekoa izango da; 41,3 km egin beharko dituzte Pla de l'Estany (Banyoles) inguruan.

Asteazkenean lehen etapa menditsuari egin beharko diete aurre: Mataron abiatuko dira eta La Molina eski estazioan kokatuko da helmuga, 188 km egin ostean. Laugarren etapa ere interesgarria izatea espero da: Llivia eta Igualada arteko ibilbidea, luzea izateaz gainera (194,3 km), helmugatik 15 kilometrora bigarren mailako mendate bat izango du.

Bosgarren etapa ere menditsua izango da, Valls herrian hasi  eta Lo Port-en (Tortosa) bukatuko da, kategoria bereziko Beseit gainean, 182 kilometro egin ostean. Seigarrenak, Tortosa-Reus, 189,7 km izango ditu.

Zazpigarren eta azken etapa, ohi denez, Bartzelonako Montjuïceko zirkuituaren inguruan jokatuko da. 138,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kirolak
  • Telebista