telebista
'Conquis'en 15. atala
Saioa garaile atera da eta La Kaxer kanporatu du hark hordagoa jo ondoren
Saioak eta Alexek La Kaxer kanporatu dute dueluan. Ismak irabazi du bateratze faseko lehen immunitate jokoa.
"El Conquistador del Caribe" saioaren 15. atalean, Karibeko abenturako lehiakide guztiak Saioaren aurka jarri ziren. Gehienei ez zitzaizkien gustatu getariarraren estrategiak, eta, La Kaxer buru zutela, haren kontra joan ziren gezi guztiak. Baina, Maddiri oker atera zitzaion Saioari botatako hordagoa, eta motxila prestatu eta etxera itzuli behar izan zuen.
Inork ez zuen espero duelura joan behar zen hirugarren pertsonaren izena taldeak arriskuan jarritako lagunak eman behar zuenik (Saioak, hain zuzen ere), eta ziur inork ez zuela nahi Saioa duelutik itzultzerik. Dena den, abenturak izan duen duelurik gogorrenetakoak bakoitza bere lekuan utzi zuen. Zerurainoko eskailerak kolokan jarri zituen hiru parte hartzaileak, eta inork ere ez zuen argi ikusten ongi egingo zuenik. Esfortzu handiz, Alexek irabazi zuen, eta asko sufrituta lortu zuen Saioak bigarren postua. Bestalde, La Kaxerrek metro pare bat baino ez zituen igo, ezin izan zuen abenturan jarraitzeko borrokarik egin. Dena den, kiroltasunez onartu zuen Saioaren garaipena, eta era maitekorrean esan zion agur. Ez zuen horrelako jarrerarik aurkitu getariarrak kanpamentura itzuli zenean: aurpegi ilunekin egin zuen topo.
Bateratzearekin iskanbila sortu zen. Lehen uneko poztasuna bat-batean desagertu zen abenturazaleak Punta Gallinasera, lehiaketaren fase berriaren helmugara, iritsi zirenean. Are gehiago ilundu zitzaien kopeta banakako lehen proba zertan zetzan jakin zutenean: motxilak aldean zituztela egin behar izan zuten igerian. Ia inori ez zitzaion proba gustatu, irabazleari salbu; Ismak lortu zuen garaipena. Arratiakoak afari eder batez gozatu zuen Izeta talde gorriko kide bakarrarekin batera. Alex, ordea, immunitate proban galtzailea izan zen: igeriketan aditua ez dela erakutsi zuen helmugara azkena iritsita; ondorioz, hiruko duelurako lehen partaidea oriotarra izan zen. Bilera garratza izan zen Saioarentzat; La Kaxer buru zuen taldeak getariarraren aurka egin zuen, baina Saioa suspertu egin zuen dueluan, Maddi kanporatuta.