Itxi

telebista

'El Conquis'en 19. atala

Alex eta Iñaki seiko finaletik kanpo gelditu dira

Aitorrek irabazi du immunitate proba kaktusez beteriko labirintoan, eta Iñaki izan da azkena. Aiskander arriskuan jarri dute bileran, eta erabaki du Alex ere duelura joatea.

Iñaki eta Alex final handiaren atean gelditu ziren "El Conquistador del Caribe" saioaren atalik hunkigarrienean, 19. atalean, hain zuzen ere. Oriotarra ez zen inolaz ere gai izan Aiskanderren garaipena arriskuan jartzeko, eta nafarrak ere ez zuen salbatzerik lortu; negar malkotan joan zen etxera. Aita-semeen agurra zirraragarria izan zen. Mikelek Iñaki semeari zin egin zion bere begiak bienak izango zirela finalean.

Aiskanderrek erakutsi zuen finalerako txapeldungai ona dela. Dueluan argi ikusi zen lehiaketaren handitasuna hiru lehiakideei esker.

Dueluaren irabazlea eta laguntzaileak kanpamentura itzuli zirenean, etxekoen berriak jaso zituzten gutun bidez. Izetak berak ere negar egin zuen familiakoen eta lagunen gutunak irakurtzen zituen bitartean. Emozio handiaren ondoren, oilasko errea jaten gozatu zuten finalistek, final handiaren bezperan ohiko bilakatu den afarian.

Saioaren hasiera-hasieratik sentikortasun handia igarri zen lehiakideen artean kaktusen immunitate jokoan. Alexek abentura osoko unerik txarrena izan zuen; jaiotzatik duen gorreria ez zen traba izan, ordea, immunitate jokoan salbatzeko. Aitorrek irabazi zuen kaktusen labirintoan, eta Iñaki izan zen azkena. Arabarrak eraman zuen saria egundokoa izan zen: lehenik, Rioacha herriraino eraman zuten helikopteroz; ondoren, Internet bidez, familiarekin hitz egin zuen; eta, bukatzeko, afaldu, ohe batean lo egin eta gosaldu egin zuen. Horrez gain, jantzi zikinak garbitu zituen. Finalera begira, adorea emango dio sariak, zalantzarik gabe, Aitorrek sentimenduak erakutsi ez arren.

Bileran, Iñakik eta haren aliatuek Aiskander jarri zuten arriskuan, eta ugaotarrak, saioan sarritan aitzat hartzen ez den zintzotasunez, ez zituen ez Mikel ez Carol arriskuan jarri, eta Alex bidali zuen duelura. Orain badakigu nortzuk izango diren "El Conquistador del Caribe" saioko finalistak. Carol, Aitor, Aiskander, Izeta, Mikel eta Isma izango dira lehian, datorren astelehenean, Erkuren ondorengo irabazlea izateko.