Itxi

telebista

22:30ean

ETB2k 'La Imagen de Mi Vida' saio berria estreinatuko du gaur gauean

EITB

Gure bizitzan arrastoa utzi duten gertakizunen argazkia aterako du saioak. Atal bakoitzean, ezagunak ez diren 3 lagunek gure historia hurbileko jazoera nabarmen bat nola bizi izan zuten azalduko dute.

Gaur gauean, 'La Imagen de Mi Vida' saioa estreinatuko du ETBk bigarren katean eta eitb.eus-en, 22:30ean. New Mediak eta ETBk ekoizten duten programak gure bizitzan arrastoa utzi duten gertakizunen argazkia atera nahi du.

Arantza Ruizek aurkeztuko duen saioaren atal bakoitzak Euskadiko historia modu batera edo bestera aldatu duen jazoera bat izango du abiapuntu. Atzera begira jarriko dira, zerbait aldatzen ari zela ohartarazi zigun irudiaren bila; hots, garai jakin horren inguruko zertzeladak emango dizkigun argazki historikoaren bila.

Baina nola eragin zuen gure historia hurbileko gertaera horrek gure egunerokotasunean? Hiru lagun ezezagunen kontakizuna bilduko du 'La Imagen de Mi Vida' saioak.

Argazkiak berregiten

Hiru pertsonak bihotza ireki eta euren oroitzapenak ekarriko dizkigute; euren bizitzako argazkien bidez emozio-bidaia batean murgilduko dira. Irudi horien guztien artean, argazki berezi bat egongo da, esanahi berezia duena, arrastoa utzi duena. Hain zuzen ere, argazki hori birsortuko du saioak, 20, 30 edo 40 urte geroago.

Argazki berriak jatorrizkoak egin ziren leku berean egingo dira, protagonistak egon edo ez egon. Irudiaren xehetasun guztiak zainduko dituzte. Horretarako, makillatzaile, ile-apaintzaile, estilista eta attrezzoko taldea izango dituzte eskueran, eta guztien buru, Jon Gesalaga argazkilaria. Hiru lagun horientzat hain garrantzitsua izan zen une hura kontu handiz birsortzen saiatuko dira.

Protagonisten bizitzaren ibilbidea osatzen duten argazkiak beren-beregi sortutako erakusgelan izango dira ikusgai. Berriro elkar topo egingo duten gune horretan, aspaldian gordeta izan dituzten sentimenduak azaleratuko dituzte.

Lehen saioan, Everestera igo zen lehen euskal espedizioaren balentria gogoratuko dute. Hurrengo asteetan, berriz, Euskalduna ontziolaren itxiera, Urtain boxeolaria, 83an EAEn izan ziren uholdeak, Realaren eta Athleticen garaipenak, eta 78ko sanferminak gogoratuko dituzte.

Ikurrina, munduaren sabaian

Gaurko atalean, 'La Imagen de Mi Vida'k Everest, 8.848 metroko mendi gailurra, harrapatuko du. 1980. urtean dozena bat euskaldunek munduko gailurrik altuena igotzea lortu zuten. Euskal mendizaletasunarentzat lorpen garrantzitsua izan zen marka hori, eta hainbat mendizale belaunalditan eragin handia izan zuen espedizio hark.

Antonio, Gregorio eta Katalinen begien bidez gogoratuko dute balentria hura. Mendizaleak dira hirurak, eta, batera edo bestera, gertakizun harekin lotura dute.

Memorian atzera egindako bidaia horretan, Jon Gesalaga argazkilaria buru izango duen taldearen laguntza izango dute. Hiru lagun horien argazki-biografian ezinbesteko diren hiru argazkiak birsortzen lagunduko die programako lantaldeak.

30 urte geroago, Katalin Katmanduko oinarrizko kanpamendura itzuliko da, bere senarraren oroitzapenen bila. Gregoriok, berriz, bere 20 urteko alaben haurtzaroa izango du gogoan, beraiekin eta emaztearekin egindako lehenengo ibilaldiak errepikatuz. Azkenik, Antoniok Txinako ibai exotikoen barrena egindako abentura-bidaiak biziko ditu berriro. Eta hori guztia Euskaditik atera gabe izango da. Oroimenen indarrari esker eta programaren lantaldearen magiaz, errealitatearen paisaia aldatzea lortuko dute. Erronka handi bat izango da 'La Imagen de Mi Vida', eta hiru pertsonaren bizitzako argazkia berriro ateratzeko baliatuko dute.