telebista
Programazio berria
Uda giroan murgildu da ETB
Estreinaldiak: 'Chiloé Lasterka Munduan', 'Itsasontzi Baten', 'Hi Selfie!', 'Pintxo & Pote On Tour', 'Dale Una Vuelta', 'Menos es Más', 'Como Pez en el Agua' eta 'El Verano a Cuestas'.
Urtaroa aldatzearekin batera, ETBko programazioan uda giroko saioak eta emanaldiak izango dira ikusgai. Horien berri emateko, aurkezpen ekitaldia egin zen Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren atarian. Edu Barinaga ETBko zuzendariarekin batera, zenbait aurkezle eta programetako ordezkari bildu ziren bertan.
Itsasoa, mendia eta gure herriak protagonista, ETB1en
Bere bi pasioak (kirola eta gastronomia) uztartuz, egitasmo berriarekin datorkigu Zigor Iturrieta. 'Chiloé Lasterka Munduan' saioan, Zigorrek munduan zehar bidaiatuko du kirola eginez. Herrialde ezberdinetako mendi lasterketak izango ditu jomugan. Kirolari modura bizitako esperientziaz gaindi, leku horietako gastronomia, jendea eta parajeak erakutsiko dizkigu. Oporrak egiteko modu berriak proposatuko dizkigu datorren ekainaren 22tik aurrera.
Ibon Gaztañazpik eta Maitena Salinasek Euskal Herriko kostaldea bisitatuko dute 'Itsasontzi Baten' uztailaren 9tik aurrera. Portuz portu, bertakoen istorioak entzungo dituzte, itsasotik bakarrik ikusten diren lekuak ezagutuko dituzte, eta arrantza eta itsasoari lotutako jarduerak egingo dituzte. Euren arteko elkarbizitzaren nondik norakoak ere erakutsiko dizkigu saioak. Abentura honetako bizipen guztiak idatziz jasoko dituzte Ibonek eta Maitenak.
Iaz lortutako arrakastaren ondoren, 'Hi! Selfie!' Julian Iantzik aurkeztutako lehiaketa dibertigarria ekainaren 26an itzuliko da ETB1era. Astelehenetik ostegunera, iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren ostean, bi lehiakidez osatutako bi talde aurrez aurre jarriko dituzte. Helburua? Julian Iantzik bidalitako selfie, argazki eta bideo bitxi, zail eta barregarrienak ahalik eta hobekien errepikatzea denbora mugatu batean, ikusleei irudi fresko eta zoroenak eskainiz.
'Pintxo & Pote On Tour' saioa bueltan izango dugu uztailaren 3an. Euskal Herriko udako pintxorik freskoenaren bila abiatuko dira Asier Hormaza eta Mikel Elizegi Food Truck-a hartuta. Bertan, Showkaldea antolatuko dute, pintxo lehiaketak, dastaketak, sukaldatzeak, musika eta ikuskizuna gastronomiaren inguruan.
Lau estreinaldi, ETB2n
Lau saio berri izango ditugu ikusgai uda honetan ETB2n. Horien artean, ekainaren 26an hasiko den 'Dale Una Vuelta' lehiaketa dago, Andoni Agirregomezkortaren eskutik. Lehiakideek zein ikus-entzuleek ondo pasatzeko aukera izango dute: galdera barregarriak, proba lotsagabeak, jolas dibertigarriak eta adrenalinaz beteriko azken txanpa. Dirua irabazteko, norbere jakinduriaz baliatzea bezain garrantzitsua izango da tentuz eta lasai jokatzea.
Uztailaren 10ean jarriko da abian 'Menos es Más' erreportaje saioa, Iñaki Elorzak eta Leire Argandoñak aurkeztuko dutena. Datuak eta estatistikak oinarri hartuta, galdera bat egingo diete ikus-entzuleei. Gai horren inguruan erreportajea egingo dute, eta eztabaida ere sortuko dute, iritzi ezberdinak islatuz. Jorratuko dituzten gaien artean, besteak beste, Euskadiko jaiotza-tasa, norbere irudia hobetzeko sakrifizioak egitea merezi duen, jaietan ondo pasatzeko edatea beharrezkoa den…
Umorea izango du ardatz uztailaren 19an hasiko den 'Como Pez en el Agua' saioak. Gorka Aguinagalde, Maribel Salas eta Anjel Alkain izango dira protagonistak, baina ez aktore lanetan. Horien erronka udako lanbideak ikastea izango da. Saio bakoitzean eginbehar ezberdin bat izango dute, eta nagusiak horien lana gainbegiratu eta baloratuko du. Halaber, hiru protagonistak bizitako esperientziaz hitz egitera elkartuko dira: norbere burua nola ikusi duten, besteek egindako lanaz zein iritzi duten…
Abuztuan, 'El Verano a Cuestas' hasiko da, euskaldunen udako planen inguruko saioa. Herritar askok aire zabalean gozatu nahi izaten dute oporraldiaz: batzuk musika jaialdietara joatera dira, kanpin denda hartuta; beste batzuk, Landetara, luxuzko karabanan; herriz herri eta jairik jai dabiltzanak ere badaude...
'La Otra Cara de..' saioaren bi atal berri ere ikusiko ditugu laster. Oraingo honetan, kirolari ezagunen beste aldea ezagutzen saiatuko da, baita Euskadin jaio edo bizi izan diren zenbait famaturena ere. Horien bizitzaz edo lanbideaz ez dakizkigun gauzak kontatuko dizkigu.
Bestalde, ETB2ko arratsaldeetako eskaintzak bere horretan jarraituko du ñabardura txiki batzuekin. Entretenimendua izango da ardatz, ohi denez, Ion Aramendik gidatzen duen 'Que Me Estás Contando' saioan. Ondoren, aktualitate politikoa eta soziala izango dute aztergai Klaudio Landak eta bere kolaboratzaileek. Amaitzeko, 'Ahora' saioan, hurbileko gaiak jorratuko ditu Adela Gonzalezek. Hain justu, datorren astean Roberto Vazquezek ordezkatuko du Adela. Eta 26ko astean, Adela oporretatik itzultzearekin batera, saioak 'Ahora Verano' izena hartuko du, eta, aktualitatea ahaztu gabe, eguraldi kontuak, bitxikeriak eta uda eta jai giroko informazioa sartuko ditu edukien artean.
Aktualiatea, kirolak, emanaldi bereziak eta dokumentalak
'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek eguneko informazioaren kontakizun zehatza eta hurbilekoa egitea izango dute helburu, lidergoari eustearekin batera.
Udako kirol programazioaren ardatzak arrauna, pilota eta txirrindularitza izango ditugu. Frantziako Tourra zuzenean emango du ETBk, baita Donostia-Donostia Klasikoa ere. Arraunean, Eusko Label eta Eusko Tren liga osoak eta Donostiako Bandera nabarmenduko dira. Pilotan, asteotan jokoan den Nafarroako Lau T'erdiko Txapelketaren ondotik, torneo eta jaialdi guztietan egongo da Euskal Telebista. Ezin ahaztu, halaber, euskal futbol taldeen denboraldi-aurreari egingo zaion jarraipena.
'Oholtzan' saioak eskainiko dituen emanaldi berezien artean, Donostiako Orfeoiaren zuzeneko kontzertua dugu aipagarri, bere 120. urtemugaren harira. Horrez gain, Joselu Anaiak, Egan, Gozategi, Akelarre eta Su Ta Gar taldeen emanaldiak izango ditugu, baita 'Mexikotik Kantari' eta 'Portugaleteko Munduko Dantzak' bezalako klasikoak ere.
Bestalde, euskal hiriburuetako jaietan ere izango dira ETBko kamerak: uztailean, Iruñeko sanferminetan; eta abuztuan, Baionako Bestetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, eta Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan.
Amaitzeko, zenbait dokumental izango dira ikusgai: 'La última trinchera', ekainaren 30ean, ETB2n; 'Ama nora goaz', uztailaren 4an, ETB1en; eta 'García Goena. Caso abierto', uztailaren 27an, ETB2n.
Udako programazio berezia, ETB3n
Ekainaren 19an, udako programazio berezia abiatuko du ETB3 kateak. Hartara, marrazki bizidun berriak zein betikoak, '3txulo', 'Go!azen', 'Bago!az' eta film luzeak izango dira ikusgai egunero.
2ttor, 4ra, 6khan, izeba Kattalin, Gorritxo, Sasi eta Laino gure lagunek izan dituzten gorabehera onenak izango dira ikusgai '3txulo' saioan, egunero, 09:00etatik aurrera. Ondoren, marrazki bizidun berrien txanda izango da, 'Postman Pat' izango baitugu ikusgai estreinakoz, egunero, 10:30ean.
Eguerdi osteko tartean ere, 14:00etan, 3txulotarrak izango dira bueltan, eta ikastetxeetan grabatutako bideoak ikusteko aukera izango dugu, Xbelek urte osoan zehar bisitatu dituen eskoletakoak. Jarraian, betiko marrazki bizidun kuttunak izango dira ikusgai: Pippi, Heidi eta Marko.