telebista
15:00etan
Siri Hustvedt idazlearen inguruko saio monografikoa, gaur, 'Sautrela'n
EITB
Denboraldiko azken saio honetan, nobelagile eta saiogile amerikarrarekin elkarrizketa sakona eskainiko dute 15:00etatik aurrera.
Aste honetako 'Sautrela' saioa oso berezia izango da. Alde batetik, denboraldi honetako azkena izango delako. Urte latza izan da 'Sautrela'rentzat Hasier Etxeberria agurtu behar izan dugulako, baina saioaren jarraipena izan da haren omenezko gure egintza zinezkoena. Bestetik, berezia izango da halaber, saio monografikoa prestatu dugulako denboraldia agurtzeko. Siri Hustvedt izango dugu gurekin eta ohikoa baino elkarrizketa luzexkagoa egiteko aprobetxatuko dugu.
Azken urteotan gero eta aitortza handiagoa ari da hartzen nobelagile eta saiogilearen lanak, hala Europan nola Estatu Batuetan. Jatorri suediarrekoa, Minnesotan jaio eta txikitatik izan zuen arte eta humanitateekiko jaidura. Hainbat nobela argitaratu ditu orain arte, eta saiogile gisa, artea, literatura eta neurozientziak izan ditu aztergai. Bere azkeneko lanean, A woman looking at men looking at women-en, gai horiek jorratzen dituen azken urteotako artikuluak bildu ditu. Giza-gogoa, psikoanalisia, arte garaikidea, feminismoa... ugariak dira lantzen dituen gaiak. Horien inguruan mintzatuko zaigu elkarrizketan, beste zenbaitez gain.
Hustvedten ikerkuntzaren ezaugarri nabarmenetakoa dugu nola gurutzatzen dituen humanitateak eta zientziak. Elkarrekiko arrotzak diruditen bi mundu horiek uztartzen ditu artez, eta horren harira, humanitateen eta zientzien arteko harremanaz hitz egingo dugu erreportajean. Juan Ignacio Perez Iglesias biologoak eta Agustin Arrieta filosofoak azalduko digute zertan diren bi mundu horien artekoak. Bukatzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu orobat, esan bezala, aurtengo azkenak.
'Sautrela' gaur eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 15:00tatik aurrera.