telebista
22:30ean
1978ko Sanferminak hizpide, gaur gauean, 'La imagen de mi vida' saioan
EITB
Jaime, Pilar eta Mintxo protagonistek 1978ko uztailaren 8an izandako gertakari tragikoak gogoratuko dituzte.
Gaur gauean, 'La imagen de mi vida' saioak 1978ko uztailaren 8an izandako gertakari larriak ekarriko ditu gogora. Iruñea Sanferminetako jai giroan murgilduta zegoela, Polizia Armatuak neurri gabeko karga bortitza zuzendu zuen zezen plazan zeuden hiritarren kontra. Erasoa zezen plazan hasi eta laster hiriko kaleetara zabaldu zen eta Sanferminetako jai giroa kale borroka bihurtu zen. Emaitza, hildako bat eta balaz zauritutako 12 gazte.
Aste honetako protagonistek, Jaime, Pilar eta Mintxo iruindarrek, ondo gogoratzen dute orduan gertatutakoa, oso gertutik bizi baitzuten erasoa. Hiruren bizipenak hizpide hartuta, 78ko Sanferminetako gertakariak gogoratuko ditu saioak, eta gainera, hiru protagonisten istorio pertsonaletan murgilduko da, bizitako momentu berezienak argazkien bidez gogoratuz.
Argazki horiek ardatz hartuta, Jon Gesalaga argazkilariak, bere taldearen laguntzarekin, hiru protagonisten momentu garrantzitsuenak berregingo ditu. Jaimeren haurtzaroaz arituko dira, bere Iruñeko etxea gogoratuz. Pilarrek, Esther ahizparekin batera, 80ko hamarkadan Benidormeko une dibertigarriak biziko ditu berriz ere. Eta Mintxok, egun emaztea duen eta orduan neskalaguna zuenarekin bizitako lehenengo Sanferminak gogoratuko ditu.
'La imagen de mi vida' asteazkenetan ikusgai, 22:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.