Itxi

telebista

22:30ean

'La otra cara de… el deporte' euskal kirolariekin, gaur, ETB2n

EITB

Alex Mumbru, Rakel Mateo, Titin III.a eta Mikel Landa kirolari ezagunekin izango da Julian Iantzi.

Julian Iantzik pertsonaia ezagunenen alderik ezezagunaren bila jarraituko du 'La otra cara de…' saioan, eta gaur gauean, euskal kirolean barrena murgilduko da lau protagonista ezagunen eskutik: Alex Mumbru Bilbao Basket taldeko jokalaria, Rakel Mateo triatleta paralinpiarra, Augusto Ibañez Titin III.a pilotaria eta Mikel Landa Sky Team taldeko txirrindularia. Julian Iantzik euren joko-zelaitik kanpo eramango ditu, haien alderik ezkutuena ezagutzeko.

Umorea galdu gabe, Julianek denetariko galderak egingo dizkie: Nori deitzen diozue lehenengo zuen garaipena ospatzeko? Nola aldatzen da bizitza famatu egiten zarenean? Zer egingo duzu zure kirol ibilbidea amaitzen denean?...

Saioa lau kirolarien bizitzaren alderik intimoenetan sartuko da, eta euren ibilbidean zehar garrantzi handia izan duten istorio eta gertakariak ezagutuko ditu. Aldageletako armairuetan ezkutatzen dutena erakutsiko dute, eta lan istripu batek bizitza nola alda dezakeen kontatuko dute, besteak beste.

Nork izan zuen anorexia? Gastroenteritis batek zapuztu al dezake urtebeteko prestakuntza? Zein desabantaila du altuegia izateak? Kirol profesionalean aritu aurretik, nor egon zen gasolindegi batean lanean?...

Bestalde, protagonisten kontuak jakiteagatik ordaindu egin beharko du Julianek. Kirolariek aukeratuko duten proba batean beraien aurka lehiatu beharko du. Besteak beste, frontenis partida berezia jokatuko du, makuluekin korrika lasterketa bat egingo du, boleibolaren antzeko joko batean arituko da eta ACBko hirukoitz jaurtitzaile onenetariko baten kontra lehiatuko da.

'La otra cara de… el deporte' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.