Itxi

telebista

22:25ean

'7 Días' eztabaida saio berriaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n

EITB

Estibaliz Ruiz de Azuak aurkeztuko duen saioaren lehen atalean, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea elkarrizketatuko dute.

Gaur gauean, '7 Días' eztabaida saio berria estreinatuko du ETB2k. Egun-eguneko gai politiko eta sozialak modu arin eta zorrotzean aztertuko ditu Estibaliz Ruiz de Azuak aurkeztuko duen saioak. Arantza Ruiz kazetariaren laguntzarekin, asteko albiste nabarmenenen errepasoa egingo du, ahoz aho dabiltzan gaiak ulertzeko gakoak eskainiz.

Lehen saioan, Kataluniako egoera hartuko dute hizpide nagusi. Bi elkarrizketatu berezi izango dituzte: batetik, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea, eta, bestetik, Albert Oliva, Mossoen bozeramaile eta Josep Lluis Traperoren bigarrena. Bi gonbidatuak erreferendumaren inguruan arituko dira, eta urriaren 1ean gertatuko dena aurreikusten ahaleginduko dira. Gainera, Bartzelonako atentatuak gertatu zirenetik hilabete beteko da irailaren 17an, eta egun horretan egingo diren ekitaldiez eta ordutik ezarri diren segurtasun neurriez arituko dira.

Bestalde, Yoyesen heriotzaren 31. urteurrenaren inguruko erreportajea eskainiko du '7 Días' saioak. Haren lagun min zen Elixabete Garmendia kazetariak eta Jose Manuel Bujanda ETAko kide ohiak hartuko dute parte bertan.

Gainera, homosexualak apaiz izatea debekatzen duen Vatikanoaren dekretuaz arituko dira. Alfonso Ruiz de Arcaute sekularraren kasua ezagutuko dute. Bere sexu joerarengatik apaiz bilakatzeko arazoak dituela azalduko du.

Horrez gain, Itziar Gorospe, Martin Garitano, Isabel Camacho, Arantxa Elizondo eta Montse Ramirez solaskideekin osatuko dute lehen saioko mahai-ingurua.

'7 Días' ostiralero izango da ikusgai, 22:25ean, ETB2n eta eitb.eus-en, eta asteko informazio agenda zehaztuko duten gaiak aztertuko ditu erreportaje, elkarrizketa eta zuzeneko konexioekin.