Itxi

telebista

20:00etan

'Historias a Bocados' Karrantzan izango da gaur

EiTB

Ander Gonzalezek Karrantzako bizilagun batzuen istorio eta bitxikeriak ezagutuko ditu, eta hainbat pasarte gastronomiko biziko ditu beraiekin.

Ander Gonzalez sukaldariak Karrantza bisitatuko du gaur 'Historias a Bocados' saioan. Hasteko, Jose Antonio Cano pasabolo Enkarterriko herri kirol ezagunaren txapeldunarekin egongo da. Berarekin, Dendaberri tabernara joango da tripakiak jatera. Pasabolo kirolari buruz ere mintzatuko dira: federazio propioa duen kirola da, eta Estatu mailako ligan jokatzen dute.

Bizkaiko herri honetan, gainera, Molinar auzoko termak daude, Casa Pallotti bainuetxean. Pallotti izena aita palotinoen kongregaziotik dator, garai batean haiek zuzendutako ikastetxea izan baitzen eraikin horretan. Marivi Taranco garbiketa lanetan aritu da bertan urte askotan, eta hainbat istorio kontatuko dizkio Anderri, Karrantzako ardi-gaztarekin egindako kroketak jaten dituzten bitartean. Bestalde, Ekaitz Zayas bainuetxeko zuzendariak tokiko bitxikeria historikoen berri emango dio.

Karrantzako azken istorioak Mario Saenz de Buruaga biologoa izango du protagonista. Abeltzaintzan izan daitezkeen kalteen aurreikuspena eta fauna basatiarekin sor daitezkeen gatazkak konpontzen aditua da. Besteak beste, mastin txakurrak trebatzea proposatzen du artaldeei edo behitaldeei erasotzera joaten diren otsoei aurre egiteko. Gainera, mandotegi bat erakutsiko dio Anderri. Hildako animaliak eramaten dituzte bertara, saien gosea asetzeko.

Amaitzeko, Garras jatetxera joango dira, eta Txema Llamosas sukaldariaren plater berezi bat dastatuko dute bertan: Karrantzako ardi Royal garatua. Platerak aurkezpen ikusgarria izango du, eta alkatxofa purearekin eta sagar tartarekin osatuko dute.

'Historias a Bocados' arratsaldean izango da ikusgai, 20:00etan hasita, ETB2n eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista