Itxi

telebista

Gabonak 2017

Kanpaiak zuzenean eskainiko ditu ETBk Mundakako Santa Katalina baselizatik

A.E.|EiTB

Mikel Pagadik, Zuhaitz Gurrutxagak eta Sara Gandarak gidatuko dute gaur gaueko saio berezia ETB1en eta ETB2n.

  • Kanpaikadak 2016

    Kanpaikadak 2016

Euskal Telebistak Gabon Zaharreko kanpaiak zuzen-zuzenean eskainiko ditu aurten, Mundakako Santa Katalina bazelizatik. Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren aurkezleek eta Sara Gandara kiroletako aurkezleak aurkeztuko dituzte kanpaiak Euskal Telebistako bi kateetan.

Urdaibaiko biosferan kokatuta dagoen Santa Katalina ermita ederra aukeratu du ETBk zuzen-zuzenean 2017. urteari magiaz agur esan eta 2018. urteari behar bezalako ongietorria egiteko. Gaurkoan ez da faltako sorpresa eta emanaldi berezirik: Gatibu taldeko Alex Sarduik eta Izaro Andresek modako doinu bihurtu den 'Aske maitte' abestuko dute Gernikako Ross dantza taldearekin batera. Festa-giroa eta alaitasuna ziurtatuta daude, beraz, urteko azken gauean.

Aurretik, orobat, 'Herri Txiki, erlojuaren kontra' saio berezia eskainiko da ETB1en. Kanpaikaden atarikoa izango da. Bertan, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Urdaibaiko itsasadarraren inguruetan izango dira, bertako herritarrekin solasean, eta, bide batez, kanpaiak eman aurreko prestaketa guztiak egiten.

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan Euskal Herriko herri txiki era erakargarrienak bisitatzen dituzte Pagadik eta Zuhaitzek, eta bertan herriko biztanleekin solasean jarduten dira. Umoreak, bi aurkezleen izaera bereziak eta bidean topatzen dituzten lagunen jardunak ematen diote saioari xarma. Laugarren denboraldia estreinatu dute aurtengo kurtsoan eta arrakastatsu eskaintzen da igandero ETB1en.

Iaz arrakasta handia izan zuen kanpaien emanaldiak Zumaiako San Telmotik

Iaz ere Mikel Pagadik, Zuhaitz Gurrutxagak eta Sara Gandarak aurkeztu zituzten kanpaiak eta oso harrera ona izan zuten. Kanpaien erretransmisioak, alegia,  %20,1eko audientzia zatia eskuratu zuen ETB1 eta ETB2ren artean. Euskaldunen artean, berriz %28,1eko izan zen audientzia.