telebista
ARABAKO MENDIALDEA
Santikurutze Kanpezu, 'Historias a Bocados' saioan, gaur gauean
EiTB
Abere nanoak, egur artelanak eta amuarrain arrantza dira atal honetako historioetako batzuk.
-
Ander González, Historias A Bocados saioko aurkezlea
Igandean, abenduak 10, Euskal Telebistako 'Historias a Bocados' saioan, Santikurutze Kanpezu bisitatuko du Ander Gonzalez sukaldariak. Arabako herri hau Kanpezu-Arabako Mendialdeko Koadrilan kokatzen da, eta bertako bizilagunak ezagutuko ditu Anderrek 20:00etatik aurrera.
Santos Gomez de Segura 70 urteko gizona da eta istorio mordoa ditu Anderri kontatzeko. Zazpi urterekin artzain hasi zen eta orduko oroitzapenak ekarriko ditu gogora. Adi-adi entzuten duen bitartean, Anderrek ajoarriero bakailaoa prestatuko du. Baina lehenbizi, Santosek bere animaliak erakutsiko dizkio, eta ez dira nolanahiko abereak, nanoak dira!
Ondoren, Josu Visa ezagutuko dute ikus-entzuleek. 40 urteko gizonak denbora librea duenean jardinerak egiten ditu gaztainondo enborrekin. Motozerraz baliatzen da landare-ontzi hauek egiteko. Uso gisatua jango dute elkarrekin. Gainera, Josuk usoak nola ehizatzen dituen erakutsiko dio.
Ainhoa Asteasuninzarrak eta bere sendiak Nusi arrain haztegia kudeatzen dute. Anderrek enpresa bisitatuko du eta amuarrainak harrapatzeko moduak ikasiko ditu. Ainhoarekin batera amuarrain gozoa jango du, noski. Aiton-amonak familia guztiarekin batera Donostiatik etorri zirela azalduko dio emakumeak.