Itxi

telebista

22:30ean

'Irtenbidearen bila' ETAren armagabetze prozesuari buruzko saioa, gaur, ETB1en

EiTB

Prozesua gidatu zuten pertsona eta erakundeen ordezkariekin arituko da Xabier Usabiaga kazetaria, ETAren armagabetzearen gakoak ulertu eta hurrengo pausoak zeintzuk diren aztertzeko.

1:18

ETB1ek Xabier Usabiagak aurkeztuko duen 'Irtenbidearen bila' saioa eskainiko du gaur. Saioak ETAren armagabetze prozesua gidatu duten pertsonekin arituko da eta politikoki blokeatuta zegoen egoera nola desblokeatu duten ulertzeko gakoak eskainiko ditu. "Bakearen artisau" deiturikoen esku egon ziren, iazko apirilaren 8an, ETAren armategiak zeuden lekuen koordenatuak. Baina zeintzuk dira ezizen horren atzean dauden pertsonak? Zein da euren egunerokoa? Zer behar sentitu zuten egunerokoa utzi eta armagabetze prozesuaren gidaritza hartzeko? Bake artisauen artean ezagunenak Mixel Berhokoirigoin eta Txetx Etcheverry dira, eta biekin izan da Xabier Usabiaga.

Egun gutxi barru Luhusoko atxiloketen lehenengo urteurrena beteko da. Berhokoirigoin eta Etcheverry bertan atxilotu zituzten, ETAren armak neutralizatzear zeudela. Etxe horretan egongo da saioaren lantaldea, armak egon ziren gelan, inoiz kamera bat sartu ez den gelan. Etxeko jabea, Beatrice Molle, ezagutuko dute eta etxea bake artisauei alokatzeko arrazoiak zeintzuk izan ziren azalduko du.

Horrez gain, apirilaren 8ko armagabetze egunean, armak gordetzen zituzten zortzi zulo horietako batera joango da osteguneko saioa, egun hartan bertan egondako herritar batekin. Haren eskutik hurbilduko dira egun hartako bizipenetara.

Azken orduko gertaerei jarraipena ere egingo die saioak, eta, horregatik, Parisko manifestazioa ere egongo da presente saioan, Nerea Reparaz ETBko kazetariaren eskutik.

Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izan dela nabarmenduko dute guztiek, baina erakundeen esku hartzeak ere garrantzia izan du. Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoen papera zein izan den jakiteko, Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko presidentearekin eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiarekin arituko da Xabier Usabiaga. Bake artisauekin eginiko bilerak, eta izandako adostasun eta desadostasunen berri emango dute.

Amaitzeko, prozesua gertutik bizi izan duten Ihintza Arrieta, Allande Boutine eta Enekoitz Esnaola kazetariekin izango dira, eta azken urtean gertatutakoa aztertu eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren azaltzen saiatuko dira.

'Irtenbidearen Bila' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb-eus-en.